Txirrindularitza

Mikel Uncillaren garaipenarekin hasi da denboraldia

Guaixe 2022ko mar. 4a, 11:30

Mikel Villatuerta, helmugan.

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindulariak irabazi zuen Villatuertako lasterketa. Bere taldekide Aritz Oiarbidek irabazi zuen mendiko txapelketa, Sakana Group izan zen talderik onena eta Quesos Albeniz-Burundako Ander Villalobos tarteko helmugetan gailendu zen

Asteburuan hasi zen junior mailako txirrindularitza denboraldia, Villatuertan jokatutako XLV. San Veremundo Zirkuituarekin (71 km). Txirrindulari sakandarrek sekulako erakustaldia eman zuten eta badirudi aurten ere Sakana Group-Aralar eta Quesos Burunda-Albeniz taldeak gorenean ibiliko direla. 

Lasterketa oso gorabeheratsua izan zen eta guztira 61 txirrindulari sailkatu ziren. Sakana Group-Aralar taldeak lasterketa oso ongi irakurri zuen eta aurten talde lakuntzarrean debutatu duen Mikel Unzillak talde lana borobildu zuen, helmugara batera iritsi zen hirukoan etxarriarra gailendu baitzen (1:48:34), Lizarteko Iñaki Ordokiren eta Alimcoko Imanol Aceñaren aurretik. Top-Tenean beste bi taldekide sailkatu ziren, Aimar Tadeo bosgarren eta Unai Garro seigarren, 44 segundora. 

Talde onenaren saria Sakana Group-Aralarrek jaso zuen, mendiko saria Sakana Groupeko Aritz Oiarbidek eta tartekako helmugen saria Quesos Albeniz-Burundako Ander Villalobosek. 

Burunda taldearen aurkezpena igandean
Quesos Albeniz-Burunda taldeak igandean egingo du denboraldiko aurkezpena, 16:30ean, Altsasuko Iortia Kultura Gunean. 

Afizionatuak ere martxan
Euskaldun Txapelketako lehendabiziko proba jokatu zen larunbatean, Zumaia Saria. 170 txirrindularik baino gehiagok hartu zuten parte erasoz betetako lasterketa mugituan. Esprintean Latorre taldeko Nikolas Agirre gailendu zitzaien Rural Kutxako Haimar Etxeberriari eta Baque taldeko Endika Balzari. Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra zortzigarren sailkatu zen. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 22. sailkatu zen, Mikel Olaetxea (Rural Kutxa-Alea) 36., Iker Cerviño (Telcom) 58., Andoni Ocaña (Construcciones Qoda) 95., Jon Erdozia (Rural Kutxa-Alea) 107., eta Aitor Ondarra (Latorre)114.