Pilota

Martijak eta Altunak hautagaitza sendoa aurkeztu dute

Guaixe 2022ko mar. 7a, 12:20
Martija sakea ateratzear eta Zabaleta erantzuteko prest. ASPE PELOTA

Binakako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian 22 eta 15 irabazi zieten Elezkanori eta Zabaletari, partida oso eta borrokatuan. Irribarriak eta Rezustak jokoan zegoen beste puntu garrantzitsua lortu zuten Laso eta Imaz partida oso estuan 22 eta 20 garaitu eta gero

Binakako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiaz asko espero zen eta jokatutako partidek ez dute huts egin. Atzo, igandea, bi atzelari arakildarren lehia handia hartu zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuak. Partida oso berandu hasi zen, hasierako promozioko play-offa izugarri luzatu zelako –Zabalak eta Oier Etxebarriak irabazi zuten bi ordu iraun eta 1.294 pilotakada gurutzatu ziren partidan–. Horrela, Korrikako pankarta zeramatzatela berandu atera ziren kantxara Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Martija. Partida berandu hasi zenez eta Gaur Egun albistegiaren txanda iritsi zenez, emisioak ETB4 katean jarraitu zuen eta nafar asko geratu ziren partidaren bukaera ikusi gabe. 

Kontuak kontu, Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Martija bikoteen arteko lehia estua izan zen. Hasieran Elezkano eta Zabaleta erasokor hasi ziren eta 0 eta 4 aurreratu ziren. Baina Elezkanori txapapera joandako pilotaren ondoren Altuna jokoan hasi, gorriek launa berdindu eta izugarri gogortu zen partida, bi bikoteak paretsu ibili zirelako. 4 eta 4, 6 eta 6, 8 eta 8, 9 eta 9, 12 eta 12… bost berdinketa izan ziren partidan. Bikote urdinaren kasuan, esan beharra dago Zabaletak eutsi ziola bikote urdinari, Elezkano erasokor hasi baina gero lasaitu baitzen. Zabaleta oso ongi aritu zen eta ohi baino gehiago jo zuen aurrera, Elezkano laguntzera. Altunak eta Martijak elkar oso ongi ulertzen dutela erakutsi zuten, bikain koordinatu baitziren. Ildo honetan, aipatzekoa da Zabaletak pilotakada izugarriak jo zituela, baina Martijak ongi eutsi ziola Etxarrengo atzelariari. Etxeberrikoak pilota bakarra galdu zuen eta oso ongi aritu zen. 

Lehen atsedenaldi luzearen ondoren Altunak eta Martijak zazpiko partzialarekin 13 eta 19raino joan ziren. Elezkanok eta Zabaletak ez zuten etsi, baina akatsak pilatzen hasi ziren. Nekatu antza, freskotasuna falta zitzaien. Azken txanpa horretan Altuna eta Martija gehiago izan ziren eta 22 eta 15 irabazita, finalerdietako lehen puntua lortu zuten. 

Partida bukaeran Elezkanok aitortu zuen Altuna eta Martija gehiago izan zirela. Eta bere aldetik, Altunak Martijaren lana goraipatu zuen. Bestalde, bezperan Labriten jokatutako beste finalerdia oso estua izan zen eta, azkenean, Irribarriak eta Rezustak 22 eta 20 irabazi zieten Lasori eta Imazi. 

Bigarrenean puntua lortzera
Asteburuan bigarren jardunaldia jokatuko da: galtzaileak galtzaileen kontra eta irabazleak irabazleen kontra ariko dira. Galtzaileek ezinbestekoa dute jokoan dagoen partida irabaztea, bizirik irauteko.