Euskaraldia Nafarroan gauzatzeko hitzarmena

Guaixe 2022ko mar. 8a, 08:29

Mikel Arregi (Euskarabidea), Ana Ollo (kontseilaria) eta Oskar Zapata (Topagunea). TOPAGUNEA

Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute. Hirugarren Euskaraldia 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da, “Hitzez ekiteko garaia” lelopean.

Aurtengo udazkenean belarriprestak, ahobiziak eta ariguneak kalera aterako dira, Euskaraldiarekin batera. Izan ere, urte bikoitia izanda, Euskaraldia urtea da aurtengoa. Hirugarren Euskaraldia gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten Oskar Zapata Solanok, Nafarroako Topaguneko zuzendariak, eta Ana Ollo Hualdek, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, atzo. Biek jakinarazi zutenez, hitzarmenaren bidez Euskaraldiak proposamen berriak eginen dizkie parte hartzaileei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago egin ditzaten. Aldi berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izanen da honakoa.

Zapatak esan zuenez, “Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, egitasmoak helduen aktibazioa du oinarri, eta parte hartzeko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da”. Aurtengo leloari aipua eginez, Zapatak “hitzez ekiteko garaia” dela azpimarratu du: “euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz...”. Hirugarren edizioan belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune.

Ollok azpimarratu zuenez, “euskara batez ere, komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzeko egunez egun lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten ditugu, non herritarrek erakusten diguten ekintza kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta hizkuntzaren inguruan aukera eta balio positiboen mundu bat zabaltzeko”.

Euskaraldiaren hirugarren edizioaz jakin beharrekoak

  • Noiz: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra eginen da, 15 egunez.

  • Non: Euskal Herri osoan.

  • Leloa: Hitzez ekiteko garaia.

  • Helburu nagusia: Euskararen erabilera areagotzea hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz.

  • Koordinazio mahaia: Euskaltzaleen Topagunea, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa.

  • Webgunea: www.euskaraldia.eus.

Zenbait kontzeptu

  • Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten du uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten dio kideek ulertzen dutenean.

  • Belarriprest: Norberaren gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen du euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez du euskaraz eginen ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek berari uneoro euskaraz hitz egitea nahi du; eta horixe eskatzen die modu esplizituan.

  • Arigunea: Edozein sektoretako erakundeen atxikipenari esker, une oro euskaraz hitz egiteko, euskaraz lasai aritzeko guneak dira. 

Hurrengo hilabeteetarako kontuan hartzeko mugarri nagusiak

  • Maiatza: ariguneen izen-ematearen irekiera.

  • Garagartzaroa: Euskaraldiko abestiaren aurkezpena.

  • Iraila: lorpenak eta erronkak aurkezteko ekitaldi nagusia.

  • Iraila: belarriprest eta ahobizien izen ematea.

  • Azaroaren 18tik abenduaren 2ra EUSKARALDIA.