Pilota

Sakandarrak GRABNI txapelketara

Guaixe 2022ko mar. 10a, 12:00

GRABNI txapelketan ariko den Nafarroako euskal pilota selekzioa. NAFARROAKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA

GRABNI txapelketan parte hartuko duen Nafarroako euskal pilota selekzioa aurkeztu zuten asteartean Labriten. Tartean pilotari eta palista sakandarrak daude

Asteburuan hasiko da GRABNI txapelketa, afizionatuen pilota mailako torneorik garrantzitsuena. Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko federazioek parte hartzen dute txapelketan, eta asteartean Nafarroako euskal pilota selekzioaren aurkezpena egin zuen Nafarroako Euskal Pilota Federazioak Labriten. 200 pilotari baino gehiago dira guztira, eta horietatik ehundik gora izan ziren Labriten bildu ziren pilotari, palista eta teknikariak. Tartean sakandarrak daude, esaterako Aaron Arbizu Alberto, Iosu Bergera Azketa, Alberto Ongay Tere, Irati Igoa Sesma, Julene Orella San Martin, June Astiz Mendoza eta abar. 

Nafarroako selekzioa GRABNI txapelketan jokatuko diren 22 modalitateetatik 19 modalitatetan lehiatuko da, 49 hautagaitzekin, jubenil, 22 urtez azpiko eta senior kategorietan. Nafarroako egoitzak Labrit (esku pilota eta erreminta), Lopez (goma), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (goma eta frontenisa), Noaingo Bidezarra (zesta punta) eta Mendillorriko trinketea izango dira. 

Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidente Javier Condek azaldu zuen Nafarroako selekzioa “oso gogotsu” dagoela txapelketari egiteko. Nafarroa da torneoa irabazteko faborito nagusia, orain arte 17 titulu baititu ezker paretako frontoian. Trinketean 2016tik ez du garaipenik lortzen, Iparraldeko selekzioa nagusitu baita azkenaldian. Beraz, ikusmin handia dago. 

GRABNI Txapelketan hasierako ligaxkan selekzio guztiak elkarren kontra ariko dira, gero finalerdiak jokatuko dira, Nafarroan, eta azkenik finala, Gasteizko Mendizorrotzan. Nafarroak Errioxa izango du aurkari asteburuan, Nafarroan.