Areto futbola

Azken unean Irurtzungo puntuak Erriberrira joan ziren

Guaixe 2022ko mar. 10a, 10:30
Xota emakumezkoen lehen senior taldea. XOTA

Emakumezkoen Lehen Senior maila. Hogeigarren jardunaldia: Xota 2 – Olite 3Emakumezkoen Lehen Senior maila. Hogeigarren jardunaldia: Xota 2 – Olite 3

Emakumezkoen Lehen Senior mailan Xotak Olite taldea hartu zuen. Partida ona egin zuten Roberto Martilen neskek. Berehala erasora atera ziren eta bigarren minuturako Hermo Collek irurtzundarren markagailua mustu zuen. Olitek ez zuen behera egin eta berdintzea lortu zuen. Bi taldeek lehia bizian jarraitu zuten eta Olitek 1 eta 2 aurreratzea lortu zuen, atsedenaldia baino lehen. Xotako neskek ez zuten etsi eta gol aukera ugari sortu zituzten, baina kontrako atean asmatzeko arazoak izan zituzten. Saria lortu zuten, Hermoren bigarren golarekin partida berdintzea lortu baitzuten. Lehiak parez pare jarraitu zuen. Xota kontrako atera iristen zein eta behin eta berriz, eta hain justu unerik gozoenean zeudenean, 34. minutuan Olitek garaipenaren gola sartu zuen. Irurtzundarrak bukaerara arte saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Osasuna Futsal da Emakumezkoen Lehen Senior mailako liderra (52 puntu) eta Xota zazpigarren da (19 puntu). Igandean Xotak arerio zuzena hartuko du Atakondoan, 11:00etan, sailkapenean zortzigarren den Transportes AGR Ribera de Navarra taldea. 

Hirugarren mailan Xotak launa berdindu
Asteburuan Hirugarren mailako areto futboleko hamazazpigarren jardunaldia jokatu zen eta Xotak puntu bati eustea lortu zuen Irurtzunen, Kirol Sporten kontra launa berdindu eta gero. Irurtzundarrak lau aldiz aurreratu ziren, baina Kirol Sport berehala berdintzeko gai izan zen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Bestalde, Aralar Mendik eta Ablitasek Uharte Arakilen jokatu beharreko partida apirilaren 6ra atzeratu zen. 

Sailkapenean Mateo Muñoz Ribera de Navarra da lider (45 puntu), Aralar Mendi bederatzigarren da (14 puntu) eta Xota hamargarren (11 puntu). Larunbatean Antsoainen jokatuko du Aralar Mendik sailkapenean bosgarren den Gazte Berriaken kontra, 18:00etan, eta Xotak Oliteren kontra aurretik jokatu zuen partida.