Aralar elkarteak NPBko ziurtagiriak egiteko epea zabalik du

Guaixe 2022ko mar. 11a, 10:19

Aralar mendia elurtuta. ARTXIBOA

Aurreko urteetan eskatu ez dutenek martxoaren 15era arte eska dezakete.

Aralar mendiko Aralar Elkartearen herri larreetan azienda duten abeltzainek Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) deialdira aurkezteko aukera dute. Horretarako Aralar Elkarteak ematen duen ziurtagiria behar dute. Halakorik aurreko urteetan hartu ez zutenek martxoaren 15era arteko epea izanen dute eskaera egiteko. Horretarako, Aralarko mendizainarengana jo behar dute, Guardetxea zegoen tokira. Bestela, 669 220 637 telefono zenbakira hots egin behar da. 

Ziurtagiria lortzeko abeltzainek bete beharreko baldintzak dira: bere herriko udalarekin zorrik ez izatea, urtean bederatzi hilabetez gutxienez erroldatutako herrian bizitzea eta azienda kopuruaren ziurtagiria eta osasun txostena aurkeztea. Azken bi agiri horiek NPBrako ziurtagiria hartu aurretik aurkeztu behar dituzte abeltzainek. 

Aralar Elkarteak jakinarazi duenez, 2017tik 2020rako larre kudeaketan aldaketak daudenez, NPBrako ziurtagiria hartu aurretik kontu zenbakia eman behar dute abeltzainek. Aldi berean larre saria edo tasa ordaindu eta gutxienez auzolan bat egin behar dute. Auzolanik egiten ez duenak 30 euro ordaindu beharko ditu.