Emakume Langileen Eguna 2022

Kapitalismoan emakumezkoak esplotatuta eta zapalduta daudela gaztigatu dute

Guaixe 2022ko mar. 14a, 12:32
Itaiak bere aldarrikapenak Altsasun barna zabaldu zituen.

Emakume Langileen Egunean Itaiakoek “emakumezko langileon problematikak lehen lerroan egonen diren eta, beraz, emakumezkook sozialismoaren eraikuntzan arituko garen antolakuntza politikoa” eraikitzera deitu zuten.

Emakumezko sozialistak saretzen dituen Itaiako kideen iritziz, “emakumezko langilea askatzeko aukera bakarra estatu sozialista eraikitzea da, guztiok bizi baldintza berak izanen ditugun eta aberastasunaren fruituak denon eskura izanen diren errealitatea”. Horretarako, “komunismoaren eraikuntza helburu duen antolakuntza politikoa gorpuztu” nahi dute, “zapalkuntza guztien kontra borrokatuz eta antolatuz”.

Gizarte kapitalistan “emakume langileok esplotatuak eta zapalduak” daudela nabarmendu zuten. Itaiako kideen iritziz, “instituzioak burgesiaren menpekoak dira eta argi dago oligarkiak ez duela berdintasuna sustatzeko inongo interesik”. Antolamendutik gaineratu zutenez, “ezkerreko alderdien proposamen feministek guztiok eskubide berak izatea eta aberastasunaren birbanaketa eskatzen dute, baina horren guztiaren atzean emakume langileak askatzeko ezintasuna dago”. Itaiako kideek uste dutenez, “beraien diru mailegurik gabe gutxi egin dezakete ezkerreko alderdiek ogi apurrak kudeatzeaz harago; gainera, burgesia bera zilegitzen dute. Politika horiek lortu dutena klase altuko emakumea askatzea izan da”. 

Zapalkuntzak 
Emakumezko langileek bizi dituzten zapalkuntzetako batzuk zerrendatu zituzten Itaiakoek: egiturazko langabezia, lan baldintza txarrak, gorputzak saltzera behartuak izatea, zaintza lanen zama, etengabeko erasoak, erailketak, emakumezkoen itxurarekiko obsesioa, gutxiespenak… Ziurtatu zutenez, “krisi kapitalistan murgildurik, eta pandemiaren testuinguruan, langileriaren bizi eta lan baldintzen okertzea nabarmena izan da, ondorio larrienetarikoak emakumezko langileok jasaten ari garelarik”. Egungo egoeraren elementuetako batzuk dira: langabeziaren gorakada, soldaten beheranzko joera, prezioen igotzea eta bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioa, osasun baliabideen murrizketa, zaintzaren deshumanizazioa… 

Itaiako kideek esan zutenez, “proletargoaren bizi ereduaren eraldaketa bizi baldintzen kaskatzeari atxikituta doa, burgesiak errealitatea ulertzeko modua inposatzen baitigu”. Horri lotuta, “hipersexualizazioak emakumezkoon zapalkuntza indartzen” duela gaineratu zuten, baita horren ondorio “lazgarriak” azaldu ere: “depresioa, gure gorputzarekiko mespretxua, antsietatea… eta, era berean, indarkeria matxista normalizatzen dute, eraso eta jazarpen matxistak areagotu direlarik”.