Lakuntzako elkartasun sareak Berehynia ukrainar elkartearekin eta Nafarroako ukrainar boluntarioen ahaleginarekin bat egin eta Europa ekialdeko herrialde hartan gerrak kaltetuendako laguntza biltzen ari dira. Dagoeneko 70 boluntario ari dira lanean. Lagundu nahi duenak lakuntzaelkartasunsarea@gmail.com e-posta helbidera idatzi dezake. Saretik gaztigatu dutenez, ez dute onartuko briketan eta beiran ontziratutako edari edo jakirik.
Lakuntzako elkartasun sareak jakinarazi duenez, honakoak dira beharrezkoak direnak: osasun arretako motxilak; gerriko poltsa moduko botikinak; erredurendako adabaki eta sendagaiak; analgesikoak, antibiotikoak, lasaigarriak, alkohola; higiene kitak; detergente, xaboiak; bizarra egiteko makinak; eskuoihal hezeak; hortzetako pasata eta eskuilak; sukaldeko papera; metalezko ontziteria; lehen laguntzako sendagaiak; urdailerako sendagaiak; oheko arropa, eskuoihalak; esterillak, koltxoneta puzgarriak; linternak, keroseno lanparak; mota guztietako sorgailuak; pilak, energia bankuak, bateria kargagarriak; ur berogailuak; luzagarri elektrikoak; kontsumitzeko prest dauden elikagai galkorrak; prestatutako janaria eta kontserbak; fruitu lehorrak, txokolate beltza eta gailetak, tea eta kafea.
Bestalde, Nafarroako DYAk Ukrainara bidaltzeko material bilketarekin bat egin du, eta Altsasuko egoitzan jasoko dute hori. Hara laguntzarekin joan aurretik 669 774 993 telefonora hots egitea eskatu dute DYAkoek. Elkarteak osasun materiala, galtzen ez diren jakiak, oinarrizko higiene materiala, babeserako elementuak eta elementu elektronikoak jasoko ditu. Horiekin batera diru bilketa egiten ari da. Hura Altsasuko egoitzan eman edo 33614 zenbakira bizum bidezko bidalketa egin daiteke. Bestela, dirua honako kontu korrontean sartu daiteke: ES72 3008 0092 1707 0369 9421. Informazio gehiago nahi duenak aipatu telefono zenbakira hots egin, formacion@dyanavarra.com posta helbidera idatzi edo Nafarroako DYAren sare sozialen bidez jaso dezake.
Azkenik, Iruñean jatekoak, arropa eta osasun materiala biltzen ari zirela jakitun, Arbizun bilketa harekin bat egin eta herrian bertan material horiek biltzen hasi ziren. Martxoaren 1etik 5era egin zen bilketa Lonbren dendan. Arbizuarrez aparte, ekarpena egin zuten lakuntzar eta etxarriar batzuek. Jasotako guztiarekin furgoneta bat “goraino” bete eta Iruñera eraman zuten hilaren 5ean. Materialen premia badago, Arbizun Ukrainaren aldeko beste halako bilketa bat egitea ez dute baztertzen.