Gimnasia erritmikoa

Iskiza Sakana gimnasten erakustaldia

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 11a, 11:40

Iskiza Sakana klubeko talde baten entrenamendua. ARTXIBOA

Larunbatean Zelandi kiroldegiak Iskiza Sakana Gimnasia Erritmiko Taldeak Gabonetan egitekoa zuen erakustaldia hartuko du, 12:15ean

Eguberrietan ezinezkoa izan zen. COVID-19 kasuak, konfinamenduak, aforoak eta pandemiak sortutako hamaika eragozpen zirela eta, Gabonetako erakustaldia atzeratzea erabaki zuen Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko taldeak. Eta egoerak nabarmen hobera egin duela kontuan hartuta eta osasun neurriak arindu direla ikusita, larunbatean, martxoaren 12an izanen da Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko taldeen erakustaldia, Altsasuko Zelandi kiroldegian, 12:15ean hasita eta publikoarekin. 

Erakustaldian Iskizako txapelketa taldeko eta eskolako gimnasta guztiek hartuko dute parte, eta Olaztiko eskolako taldea ere ariko da. Iskiza Sakanako Olaia Agirre monitoreak azaldu duenez, guztira 70 gimnasta inguru arituko dira. “Larunbateko erakustaldia txapelketa taldeko gimnastendako oso garrantzitsua izango da. Izan ere martxoaren 26an, Mendillorin, Nafarroako Kirol Jokoetako Banakako Gimnasia Erritmikoko lehenengo fasea jokatuko da, eta bertan Iskizako 9 gimnastek hartuko dute parte. Horretaz gain, oinarrizko mailako taldekako Nafarroako Txapelketa jokatuko da, eta bertan Iskizako oinarrizko jubenil taldea lehiatuko da, Espainiako Koparako sailkatzea jokoan duela. Beraz, Altsasuko erakustaldia Mendillorrin lehiatuko diren gimnastendako oso aukera ona izango da, nerbioak arintzeko, jendaurrean aritzeko eta jokoan duten txapelketa prestatzeko” nabarmendu du Agirrek. 

Gimnasten lanarekin gozatzeko aukera izango da, beraz, larunbatean Altsasun.