Pilota

Zabaletaren dema erraldoia pilotaren katedralean

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 11a, 13:40

Elezkano-Zabaleta eta Laso-Imaz elkarren kontra lehiatuko dira Astelenan, eta Binakakoan bizirik jarraitzea dute jokoan. Altuna-Martijak hanka eta erdia finalean izango lukete Irribarria-Rezusta Labriten menderatuko balute

Binakako finalerdietako ligaxkako bigarren kanporaketa dago jokoan eta emozioa pil-pilean dago. Lehen jardunaldian galdu zuten bi bikoteek, Elezkano-Zabaletak eta Laso-Imazek, elkarren kontra jokatu beharko dute igandean Eibarko Astelenan. Hil ala biziko partida izango da, galtzen duen bikoak hanka erdia baino gehiago izango baitu Binakako txapelketatik kanpo. Beraz, tentsio handiko partida gogorra espero da. 

Astelena
Material aukeraketan Imazek Aspekoengan jarri zuen presio guztia. "Beraiek dira egungo txapeldunak eta txapelketa hasi zenetik, faborito argiak". Elezkanok, aldiz, "presioa guztiendako berbera" dela aipatu zuen. "Ez dugu presio gehiagorik egungo txapeldunak garelako. Aurrera begiratu beharra dago, guretako igandekoa partida oso garrantzitsua delako. Gurean zentratuko gara" gaineratu zuen. Zabaletak aitortu zuen bere buruari "asko" eskatzen diola, eta Binakakoan orain arte jokatutako partidetatik soilik "lauzpabost partidetan egindakoarekin" geratu dela gustura. "Eskuina ongi dut, baina partida askotan ez dut gozatu. Boladak izaten dira, baina konfiantza itzuliko da, konfiantza hori lantzen delako" argi utzi zuen. 

Labrit
Beste aldean daude larunbatean Labriten lehiatuko diren lehen jardunaldiko irabazleak, Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta. Irabazten duenak, kasu honetan, hanka erdia baino gehiago izango du Binakako finalean, eta saria gozoa da. Bi bikoteak une ezin hobean iritsi dira partida garrantzitsu honetara eta zuhurrak izan nahi dute. Labriteko partida "oso gogorra" izango dela nabarmendu zuten, eta horretan "zentratuta" daudela.