Txirrindularitza

Ailetz Lasa, Euskaldun Torneoko lider berria

Guaixe 2022ko mar. 15a, 13:00
Iker Mintegi, ezkerrean, eta Ailetz Lasa, eskuinean, Laboral Kutxako bi sakandarrak. LABORAL KUTXA

Laboral Kutxa taldeko ziordiarra afizionatuen mailako Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenaren buruan kokatu da. Bere taldekide Iker Mintegi altsasuarra otsailan izandako erorikoaz osatzen ari da

Afizionatuen mailako txirrindularitzak berri ona ekarri du: Laboral Kutxa taldeko Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarra da Euskaldun Torneoko liderra. Oso atzera egin beharko genuke sakandar bat Euskal Herriko torneo prestigiotsueneko buruan ikusteko. 

Torneorako puntuatzen duten bi lasterketa jokatu dira orain arte, Zumaiako Saria eta Ereñoko Saria, eta ziordiarrak bertan egindako lanari esker –Zumaian zortzigarren sailkatu zen, eta Ereñon zazpigarren– Euskaldun Torneoko sailkapenaren buruan kokatu da Lasa (23 puntu). Bigarren Nikolas Agirre da (Latorre, 21 puntu) eta hirugarren Fergus N. Robinson (Eiser, 19 puntu). 

Ailetz Lasak 2019an debutatu zuen afizionatuetan Laboral Kutxarekin eta aurtengoa bere hirugarren urtea da. Joan zen urtean afizionatuen lehenengo garaipena lortu zuen, Dorletako Ama Saria, eta aurten ongi hasi du denboraldia. Euskaldun Torneoko baliagarriak diren hurrengo lasterketak martxoaren 19an –Laukizko Udal Saria–, eta martxoaren 20an –Lizarrako Cirilo Zunzarren Memoriala – jokatuko dira. 

Iker Mintegi, osatzen
Horrenbeste zorte izan ez duena bere taldekide Iker Mintegi Claver altsasuarra da. Mintegik eskumuturra apurtu zuen Laboral Kutxak otsailean Iparraldean jokatutako lasterketa batean, Baionatik gertu. Osatzen ari da, dagoeneko errepidean entrenatzen dago, eta aurki lasterketetara bueltatzea espero du. Aurtengoa bere bigarren denboraldia izango da Laboral Kutxan.