Mendia

Hiru Mendizerrak eta Sakanako Ibilaldia, atzera kontuan

Guaixe 2022ko mar. 16a, 12:00

Mendizalean, Hiru Mendi Zerran.

Altsasuko Mendigoizaleak antolatutako mendi martxa apirilaren 2an izanen da eta izena ematea zabalik dago. Sakanako Ibilaldia apirilaren 30ean izanen da

Aurten bai. Aurten Euskal Herriko eta Nafarroako Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuiturako puntuagarriak diren Sakanako bi mendi martxak –Hiru Mendi Zerrak, Altsasun, eta Sakanako Ibilaldia, Irurtzunen– aurrera aterako dira. Apirilean izanen dira, apirilaren 2an Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatu duen XIII. Hiru Mendizerrak, eta apirilaren 30ean Iratxok antolatutako XXXI. Sakanako Ibilaldia. Altsasuko eta Irurtzungo mendi taldeak guztia antolatzen buru belarri ari dira, hilabete falta baita ez lehiakorrak diren bi mendi martxan abiatzeko. 

Hiru Mendizerrak, izena ematea zabalik
Apirilaren 2an Altsasuko Foru Plazatik abiatuko den Hiru Mendizerrak ibilaldirako izena ematea zabalik dago Euskal Herriko Mendi Federazioaren Zirkuitua webgunean (15 euro), martxoaren 31ra arte. Gehienez ere 700 partaide onartuko dira. Antolakuntzatik azaldu dutenez, martxaren egunean ez da izena emateko aukerarik izango. Beraz, Altsasuko mendi martxan parte hartu nahi dutenei izena lehenbailehen emateko gomendioa egin die Altsasuko Mendigoizaleak klubak. 

Ohi denez, mendizaleek bi ibilbideren artean aukeratu dezakete: Hiru Mendizerrak ibilaldi luzea (46 km eta 2.700 m desnibel positiboa) edo Hiru Mendizerrak ibilaldi laburra (26 km, 1.200 metroko desnibel positiboa). Ibilbideak Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerrak biltzen ditu (Altsasu, Urdiaingo Portuazpi, Bargagain, Gainsoil, Ziordia, Kipular, Motto, Sozarreta, Balankaleku, Muñaan, Intxusburu, Urrizti, San Pedro, Dantzaleku eta Altsasu) eta Sakanako paraje zoragarriak ezagutarazten ditu. 

Sakanako Ibilaldia, beteranoena
Sakanako Ibilaldia mendi martxen zirkuituan proba beteranoenetakoa da eta aurten 31. edizioa izanen da. Hiru ibilaldiren artean aukeratu daiteke: Sakanako Ibilaldi Luzea (54 km, 3.388 metroko desnibel positiboa: Urrizola, Txurregi, Beriain, Uharte Arakil, Aralarko San Migel, Ata, Madotz, Larrazpil, Trinitatea); Sakanako Ibilaldi Laburra  (25,5 km, 1.440 metroko desnibel positiboa: Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa, Trinitatea) eta Ibilbide Txikia (14 km, 730 metroko desnibel positiboa, Atakondoako guraso elkartearekin adosten den ibilbidea). Azken edizioan, 2019an, 1.416 mendizalek eman zuten izena eta antolakuntza kopuru hori eta zertxobait gehiago ere hartzeko prest dago. Izena ematea aurki zabalduko da Zirkuitua webgunean eta Iratxo elkarteko webgunean.