Lehendik ere ari zuen, ordea. Inozo batzuek uste izan genuen delako Gerra Hotza amaitu zela Berlin barruko harresiaren birrintzearekin, eta 1990etik aitzina nazioarteko harremanetan dena izanen zela elkar ulertzera bide, oro bake egonkor baten bilaketa luze bat.
Ahaztuxea genuen giza historiaren bideek (orain artean behinik behin) lehenago edo geroago gerra txiki nahiz handietara eramaten gaituztela, eta maiz gerra baten ondoreneko ituna hurrengo gerraren txingar estalia dela. Ahaztuxeak genituen Balkanetakoa 90koetan, Yemen, Irak, Libia, Siria, Palestina, Osetia edo Mendebaldeko Sahara. Ahaztuxea Donbasseko gudua ere.
"Gerrara ohitu zintezke, gerra egon badago" zioen kantak eta aste hauetan hirugarren munduko gerraren atarian egon gaitezkeela entzun dugu; baiki, bertatik bertara dugunak ez du itxura onik eta oso agerian utzi du azken hamarkadetako oreka zeinen ahula eta hauskorra zen.
Bada Kremlin aldean gizon bat handinahi, hotz eta anker bat (baina zuhurtzat genuena) bere herriaren nahiaren eta beharren gainetik, iragan inperiala berpiztu nahi duena, XIX. mendeko tsarrak eredu. Horretarako badu prest munduko armadarik handienetako bat, badu gas, gasolio eta labore nahikorik, eta agrabio historiko zenbait ere kolkoan baditu.
2014az geroztik ez da giro Ukrainan: Maidanekoa, Krimeako auzia, Donbasseko gudua, europarzale vs. errusiarzale dikotomia... NATOk eta Mendebalde aberatsak ez dute aurreko urteetan taxuzko saiorik burutu tentsioa baretzeko, areago, txingar baten bat hauspotu dute NATOren eremua gehiago zabaltzeko eskaintzekin. Eta horra, ustez lo zegoen errusiar hartza amets gaizto betean itzarri eta amorruz eta atzaparkadaz ekin dio erasoari, seguruenez urtetan ongi pentsaturiko estrategia bati jarraikiz, gobernu ustel eta zital baten aginduz.
Bitartean ukrainar herria oinazez eta saminez iragaten ari da bonba-hotsen artean historiako bihurgune odoltsu hau eta Errusian protesten ondorioz milaka herritar atxilotu horiek arintzen dute herri inbaditzailearen isiltasun mixerablea.
Arma industria eta militarismoarentzat urte oparoak bide datoz, bakea eta kooperazioa lantzeko garaiak, ordea, itxoin beharko du.
Elkartasun mezua bihoa hemendik herri ukrainarrarentzat eta errusiar matxinoarentzat
Gerrarik ez, ez Ukrainan, ez Saharan, Palestinan, Yemenen edo Armenian ere ez.