Pilota

Txanponaren bi aldeak

Guaixe 2022ko mar. 14a, 10:27
Zabaleta eta Imaz, igandean Astelenan. ASPE

Altunak eta Martijak hanka erdia baino gehiago dute Binakako finalean eta Elezkanok eta Zabaletak, aldiz oso zaila dute, baina ez ezinezkoa

Pilotazaleek beste asteburu ikusgarri batez gozatzeko aukera izan dute, finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia ere bihotzekoa emateko modukoa izan baita hasieratik bukaeraraino. 

Altunaren eta Martijaren bigarrena
Larunbatean, Labriten, Altuna-Martijak eta Irribarria-Rezustak partida ikusgarri, gogor eta lehiatua eskaini zuten leporaino beteta zegoen Labriten. Lau pilotariak ikusgarri aritu ziren eta emozioak bukaerara arte iraun zuen, ordu eta erdi luze irain zuen partidan 21na berdindu eta gero, azken tantoak erabaki baitzuen nork lortuko zuen  finalerdietako bigarren puntua. 

Ordura arte, hasiera berdindu baten ondoren Altunak eta Martijak 18 eta 13 aurreratzea lortu zuten. Altuna erasoan sendo ibili zen eta Martija ikusgarri aritu zen atzeko koadroetan. Irribarria eta Rezustari aurre egiteaz gain, aurreko koadroetara aurreratu zen sarritan, eta erasoan ere oso fin ibili zen Etxeberriko atzelaria. Irribarriak eta Rezustak ez zuten etsi, eta tantoak luzatu eta Altuna ekiditea izan zen euren estrategia, Martija itotzeko. Etxeberrikoak ongi eutsi zuen, baina partida orekatu zen. 20ra eta 21era berdindu zuten, eta azken tantoak erabaki zuen. Altunak zazpiraino bidali zuen pilota eta Rezustak ezin izan zuen frontiseraino eraman. Rezustaren partidako akats bakarra izan zen, Altunari eta Martijari finalerdietako bigarren urrezko puntua eman ziena: hirugarren eta azken jardunaldian gertatzen denaren zain, hanka eta erdi baino gehiago dute final handian. 

Elezkano eta Zabaleta, arazoekin
Atzo, igandea, lehen jardunaldiko galtzaileen arteko partida hartu zuen Eibarko Astelenak. Aurreikusi moduan, Elezkano-Zabaletaren eta Laso-Imazen arteko partida oso lehiatua eta gogorra izan zen. Dirua Elezkanoren eta Zabaletaren alde atera zen eta eurena izan zen lehen tantoa, baina hasieratik ikusi zen Laso eta Imaz ez zeudela amore emateko prest. Are gehiago, egoerari buelta emateko eta aurrera egiteko gai direla erakutsi zuten Baikokoek. 

Lasok eta Imazek partida ona jokatu zuten. Imazek oso ongi egin zion aurre Zabaletari eta fresko bukatu zuen partida. Lasok asko defendatu zuen, Imaz lagundu eta aurreko koadroetan erritmo oso azkarra ezarri zuen, partida guztiz baldintzatu zuena. Elezkano eta Zabaleta, aldiz, ez dira bere onenean iritsi finalerdietara. Ez dira euren bertsio onenera iristen. Zabaletak piloteoan dominatzen jarraitzen du, baina ohi baina akats gehiago ari da egiten eta akats horiek aprobetxatuz etorri ziren Lasoren eta Imazen errentak eta takadak. Zabaletaren agintea horren nabaria ez denean Elezkanoren arriskuak ere behera egiten du. Elkar ulertze akats batzuk ere egin zituzten, eta horrek airea eman zien Lasori eta Imazi. 13 eta 20 aurreratu ziren Baikokoak, baina 18 eta 21 gerturatu ziren Elezkano eta Zabaleta. Lasoren azken bi paretak lehen puntua eman zien Baikokoei eta, punturik gabe, Elezkanok eta Zabaletak oso zaila dute finalean egotea, matematikoki posible duten arren. 

Azkena
Finalerdietako bi jardunaldi jokatuta, Altunak eta Martijak bi puntu dituzte, Irribarria-Rezustak eta Laso-Imazek puntu bana eta Elezkanok eta Zabaletak ez dute punturik. Asteburuan hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Elezkanok eta Zabaletak Irribarria eta Rezusta dituzte aurkari larunbatean Labriten; Altuna III.ak  eta Martijak Laso eta Imaz igandean Astelenan. Ea nor sailkatzen den finalerako.