Hezitzaileak hizkuntza eragile izateko

Guaixe 2022ko mar. 15a, 10:34

Olatzagutiko Udan Euskaraz-en aniztasunaren aldeko zebrabidea margotu zuten. ARTXIBOA

Aisialdian euskara modu atseginean landu daiteke. Hezitzaileek euskararen erabilera behar bezala sustatzeko baliabideak eta tresnak behar dituztela jakitun, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak haiei zuzendutako ikastaroa antolatu du.

Sakanako ikastetxeetan haur eta gazteen %80 D ereduan matrikulatuta dago eta euskaraz ikasten du. Zenbait herritan %100 dago D ereduan. Baina hizkuntzak ongi ikasteko eta erraztasuna izateko maiz erabili behar dira, eta zenbaitek, euskaraz ikasi arren, ez dute eskolaz kanpo hitz egiteko aukera handiegirik.

Aisialdia esparru estrategikoa da euskararen erabilera sustatzeko eta hiztun berrien ikaste prozesua azkartzeko. Aisialdiko jardueretan komunikazioa oso garrantzitsua da taldean egiten direlako, hortaz, primerakoak dira euskara lantzeko, modu atsegin batean lantzen baita hizkuntza. Gainera, aisialdiko jardueretan euskaraz aritzen direnek ikasgelan lantzen ez den hizkera lantzen dute: hizkera informala. 

Ikastaroa
Hezitzaileak euskararen ardura ere badutenez, hizkuntzaren erabilera behar bezala sustatzeko baliabideak eta tresnak emateko ikasteko ikastaroa antolatu du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Hezitzaileak asko egin dezake ikastaroaren bidez hainbat estrategia ikasiko dituzte haur eta gazteekin lan egiten duten hezitzaileek, gazte txokoetan ari direnak, kirol hezitzaile direnak, aisialdiko begirale, jangeletako langile… 

Mank-ek antolatutako ikastaroaren bidez, hezitzaileei euskararen erabilera modu planifikatuan eta sistematikoan lantzeko metodo bat proposatuko zaie, eta lan hori egiteko estrategia eta tresna zehatzak eskaini. Horretarako, lehenik, taldeen hizkuntza errealitatea, errealitate horietarako helburuak, hizkuntza helburuak lantzeko estrategiak eta beste landuko dituzte. Egoera errealetan grabatutako bideoak jarriko dira estrategiak nola erabiltzen diren ikusteko, eta jolas eta dinamiken bidez estrategiak frogatuko dira.

Ttakun kultur elkarteko hezitzaile bat izanen da ikastaroa emanen duena martxoaren 26an, 09:30etik 14:00etara (tartean ordu erdiko atsedenaldia). Ikastaroa Lakuntzan, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan izanen da. Izena emateko euskara2@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi edo 948 464 840 telefonora hots egin. Izena emateko epea bihar eguerdian despedituko da.