Txirrindularitza

Biri bai, besteari ez

Guaixe 2022ko mar. 15a, 10:41

Rural Kutxako txirrindulariak ez dira aurten Vueltan lehiatuko. RURAL KUTXA-SEGUROS RGA

Euskaltel-Euskadik eta Kern Pharmak Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena jaso dute, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak, ordea, ez

Espainiako Vueltako antolakuntzak hemezortzi UCI World Tour talde eta aurreko denboraldian UCI Pro Team mailan puntuazioagatik bi talde onenak–Alpecin eta Arkéa–, gonbidatu ditu,  atzo, astelehena, azaldu zutenez.  UCI Pro Team mailako Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Burgos BH taldeen alde egin dute. Azken hamar urteetan Vueltan parte hartu ondoren, aurten UCI Pro Team Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak ez du gonbidapenik jaso: sorpresa itzela.  

Gonbidapena jaso ez izana kolpe oso latza izan da bere txirrindularien artean Josu Etxeberria Azpilikueta iturmendiarra duen talde nafarrarendako. Sakanatik sortutako taldeak igandean denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Portugalgo Arrabida Klasikoan, Orluis Aular gailendu baitzen, baina garaipenaren ospakizunen ondoren bestondo izugarria iritsi zaio. Kolpe gogorra da, Vuelta baitzen talde berdearen helburu nagusia, baina talde nafarrak doluminak eskertu ditu eta lasterketetan “duten guztia” ematen jarraituko dutela azaldu du. 

Kern Pharma taldeak Vueltan aritzeko bere lehen gonbidapena jaso du. Lizarte afizionatuen mailako taldetik sortu zen talde profesionalaren hirugarren denboraldia da aurtengoa, UCI Pro Team maila duenetik bigarrena. Bere zuzendarietako bat Pablo Urtasun urdiaindarra da, eta aurten profesionaletan debutatu duen Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra da talde berdeko perletako bat. Gonbidapenagatik “oso oso pozik” daudela azaldu du Juanjo Oroz kirol zuzendariak. “Vueltara joatea ametsa betetzea da, gailurrera heltzeko beste aurrera pauso bat” nabarmendu zuen. 

Oso pozik dagoena ere Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendari Jorge Azanza da. Talde laranjak bigarren urtez jarraian jaso du Vueltan aritzeko gonbidapena. “Vueltan aritzeak guztiari zentzua ematen dio. Beste urte batez bertan egotea guztion ametsa da, eta taldeak aurrera egiten duela erakusten du” azaldu du zuzendari altsasuarrak.