'Sendaberri, Paisaia Eszeniko Berriak' eta 'Bira Nafarroan Barna' zikloak aurkeztu dituzte

Guaixe 2022ko mar. 16a, 11:19
Sendaberri zikloaren aurkezpena. NAF. GOB.

Programak udaberrian eta udazkenean garatuko dira Nafarroako hainbat herrita, tartean Sakanakoak.

Hamabi konpainiek 55 emanaldi eskainiko dituzte Nafarroa osoko herritan, tartean Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun, Nafarroako Antzoki Sareak Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Sailarekin batera aurkeztu duen ziklo berrituari esker: Sendaberri, Paisaia Eszeniko Berriak. Bestetik, Bira Nafarroan Barnan programaren bigarren edizioari esker herrialdeko hamasei musika taldek 26 herritan jotzeko aukera izanen dute, tartean Irurtzun eta Etxarri Aranatz.

Igandean, martxoaren 13an, Senbaberri zikloko lehenengo emanaldia izan zen Sakanan, Irurtzungo kultur etxean. Iluna konpainiaren Con los ojos abiertos Miguel Hernández poetaren inguruko antzezlana izan zen. Apirilaren 22an Lucio, una reflexion escénica izanen da Iortia kultur gunean eta maiatzaren 5ean, Pioneras-Aitzindariak, Etxarri Aranazko kultur etxean. Udazkenean hiru emanaldi gehiago izanen dira Sakanan: La reina del Arga Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen, eta Hoy puede ser mi gran noche Altsasun.

Bira Nafarroan Barnaren barruan maiatzaren 13an Lilok kontzertua eskainiko du Irurtzungo kultur etxean, eta azaroaren 12an, Etxarri Aranazko kultur etxean, La Furia izanen da.