Altsasu inguruko hainbat tailerretan iruzur saiakera atzeman duela jakinarazi du Foruzaingoak. Foru poliziak zabaldu duenez, “pertsona bat establezimenduekin harremanetan jarri da autobien mantentze lanetako enpresa bateko langile gisa aurkeztuz. Enpresa horrek bere ibilgailuak konpontzeko tailerrak bilatzen ari dela adierazten du”.
Engainuari egiazkotasun handiagoa emateko, existitzen diren baina kudeaketa horrekin zerikusirik ez duten enpresen datuak ematen ditu iruzurgileak (izen edo CIP, esaterako). Deiak egiten dituen pertsonak esklusibotasun-kontratu bat eskaintzen du ibilgailuak konpontzeko, 298 euroko hasierako ordainketaren truke. Dei horiek jaso dituzten hainbat tailerrek Altsasuko Foruzaingoaren polizia etxean jakinarazi dute, eta bertatik ikertzen ari dira gaia.
Foruzaingoak ahalik eta arreta handienaz jokatzea gomendatzen du horrelako eskaintzen aurrean, eskaintzen diren datu eta baldintza guztiak egiaztatzea komeni baita. Eta iruzur saiakera izan daitekeela susmatzen bada, berehala jakinarazi behar zaio poliziari, iker dezaten.