Gaur onartuko den legearen balorazioa egiteko EH Bilduko 30 alkatek, Sakanako zazpi bertan zirela, eta Adolfo Araiz parlamentariak agerraldia egin zuten ostiralean. Araizek EH Bilduk udalgintzan egiten duen lana aitortu zuen eta “izaera munizipalista nabarmena duen indar gisa” aldarrikatu zuen koalizio soberanista. Onartuko den legeaz esan zuen “finantzaketa sistema berria bidezkoagoa eta orekatuagoa”dela. Hori lortzeko EH Bilduk egindako lana “propositiboa izan dela uste dugu, proposamen eta ekarpen asko aurkeztu eta tramitatuz, legearen edukian hobekuntza garrantzitsuak planteatuz”.
EH Bilduko kideen iritziz “landutako eta adostutako testuak toki entitateen finantzazio sistema hobetzeko aurrerapauso garrantzitsua da”. Hala ere, hobetu beharrik badela ere aitortu dute koaliziotik: “egiteke dauden konpetentzia batzuk zehaztu, argitu, eta finantziazio sistema aztertu behar dira, esaterako, 0-3 haur hezkuntzako zikloa edo musika eskolak”. Araizek gaineratu zuenez, “EH Bilduk lanean jarraituko du toki entitateek zerbitzu horiek emateagatik jasotzen duten finantzazioa hobetu eta osatzeko, eta, aldi berean, Foru Erkidegoko Udal, Kontzejuek eta Mankomunitateek egunez egun ematen dituzten zerbitzuei buruzko beste erronka batzuei aurre egiteko”.