Lilasterketan biltzera animatu dituzte emakumeak

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 18a, 14:30

Joan zen urteko Lilasterketa herriz herri egin zen. Irudian, Iturmendira heltzen. ARTXIBOA

Olaztik hartuko du emakumeen IX. Lilasterketa, igandean, 12:00etan. Sakanako emakumeak biltzea da xedea, ikusgarri egiteko, eta lehenengoz autobusa antolatu dute. Oinez, bizikletan, korrika… nahieran parte hartu ahalko da 

Aurten nobedade askorekin dator IX. Lilasterketa. Hasieran Altsasuk hartzen zuen emakumeak biltzea eta ikusgarri egitea duen proba ez lehiakorrak, joan zen urtean, pandemiagatik, herriz herriko emakumeen ibilaldia antolatu zen, eta aurten Olaztin izanen da, igandean, martxoaren 20an, 12:00etan. "Joan zen urtean erabaki genuen hemendik aurrera urtero Sakanako herri ezberdin batean antolatuko dugula, eta aurten Olaztiri dagokio" azaldu du Altsasuko Berdintasun Zerbitzuko teknikari Idoia Goikoetxea Gomezek. Berak kudeatzen duen zerbitzuak, Sakanako Berdintasun Zerbitzuak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Jarduera Fisiko eta Kirol Zerbitzuak antolatu dute aurtengo Lilasterketa, Olaztiko Udalaren laguntzarekin. Lilasterketan, Sakanako Emakumeak martxan! da leloa. 

Autobusa, lehenengoz
Idoia Goikoetxeak nabarmendu duenez, "Sakanako emakume guztiak bildu, elkarrekin egon eta emakumeak ikusgarri egitea" da Lilasterketaren helburua. Emakume guztiak elkartzea errazteko, aurten lehenengoz autobus zerbitzua izango da. "Sakanako Mankomunitateak antolatu du eta doan izango da. Autobusa 10:30ean aterako da Irurtzundik, herri guztietan aurretik izena eman duten emakumeak jasoaz. Lilasterketa eta ondorengo ekitaldi edo festatxoa bukatzen denean autobusa 14:00etan aterako da Olaztitik, emakumeak etxera bueltatzeko" azaldu du teknikariak. 

IX. Lilasterketan eta autobusean izena emateko Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzura (berdintasuna@sakana-mank.eus) edo Altsasuko Berdintasun Zerbitzura (berdintasuna@altsasu.net) jo daiteke. Esan bezala, bai bata eta bai bestea dohainik dira. Norbait azken orduan Lilasterketan parte hartzera animatzen bada, igandean bertan eman ahalko du izena, 11:30etik aurrera, Olaztin. 

2 km-ko zirkuitua, Olaztin
Lilasterketan parte hartzeko ez dago inolako aitzakiarik. Oinez, korrika, patinetan, bizikletan… nahieran egin daiteke. Antolakuntzak 2 kilometroko zirkuitua antolatu du Olaztiko herri gunean. Lilasterketa korrika, bizikletan edo patinetan egiten dutenek bi bira egingo diote zirkuituari, eta oinez egingo dutenek bira bakarra. Helburua guztiek osatzeko moduko distantzia eta erronka eskaintzea da, "garrantzitsuena emakume guztiak biltzea delako" nabarmendu du Goikoetxeak. 

Guztiak batera aterako dira, 12:00etan, Olaztiko plazatik. Euria egiten badu, frontoi paretik abiatuko litzateke Lilasterketa, eta frontoian egingo litzateke ondoko ekitaldia edo festa bukaera. Bestela, plazan. 

Bukatzeko, festatxoa
Lilasterketa bukatuta, festa bukaera izanen da, plazan edo frontoian. Bildutakoek auzateaz gozatzeko aukera izango dute, Idoia Granizo bertsolariaren saioaz eta bestelako ekitaldiez, dantza erakusketa barne, gozatzen duten bitartean. 

Idoia Goikoetxeak Sakanak emakume guztiak Lilasterketan parte hartzera gonbidatu ditu. "Leloak dioen bezala, Lilasterketan, Sakanako Emakumeak martxan!, hori da lortu nahi duguna, emakumeak martxan egotea. Olazti emakumeen bilgunea izatea nahiko genuke, emakumeek ikusgarritasuna izateko" azaldu du. Bestetik, Olaztiko Udalari eskerrik beroenak eman nahi dizkio, eskainitako laguntzagatik.