Ibarreko estreinako Emakumeen Eguna hartu zuen Etxarrengo Iratzar jatetxeak hilaren 12an. Adin guztietako 30 emakumezko arakildar bazkaltzera elkartu ziren. Kafeen txandan, Irantzu Escudero Jaka zinegotziak egunaren zergatia azaldu eta emakumezkoen bazkari bat Arakilen egiten den lehen aldia izan zela nabarmendu zuen.
Ondoren Celia Albisu satrustegiarrak eta Izaskun Mujika ihabardarrak Joana Zigandaren moldatutako bertso bat irakurri zieten omenduei: Zuhatzuko Vicenta Zubiria (91 urte) eta Izurdiagako Rosario Larumbe (86 urte). Testuaren kopia eta arrosa gorri bana oparitu zieten eta biek beraien esker ona azaldu zuten. Udalaren asmoa 85 urtetik gorako emakumezko arakildarrak omentzea zen. Guztira 23 dira Arakilen daudenak, baina hainbat arrazoirengatik larunbatean ezin izan zuten ekitaldira joan. Horregatik, Arakilgo Udalak hurrengo egunetan etxera bidaliko die oparia.
Omenaldiak musikari utzi zion txanda. Udaleko gizarte eta kultura dinamizatzaile Garbiñe Olazar Bazterrikak Izaroren Eider abestia kantatu zuen eta Izurdiagako Cristina Osetek, berriz, Mari Triniren Esa no soy yo eta Rozalenen La puerta Violeta. Eguna despeditzeko, Lorena Arangoak ikuskizuna eskaini zuen. Lau emakumezko protagonistaren inguruan ardaztu zen emanaldia. “Urteetan entzundako istorioetan gizonezko baten menpe edo gehigarri jo ditugun emakume horiek bizipen eta garaipen pertsonalak dituzte. Eta horregatik gogoratu beharko genituzke, ez euren senarrek egin edota esan dutenarengatik baizik”. Etxarrenen bildutakoek Mari Domingik, Mona Lisak, Constanzak eta Julietak bizi izandakoak entzuteko aukera izan zuten. Giro ederrean pasatako topaketatik barrea aurpegian zutela atera ziren guztiak jatetxetik.
Jatorria, eta hitzordua
Arakilgo estreinako Emakumeen Eguna ibarrean udalak garatutako parte hartze prozesu baten ondorio izan da. Haren bidez arakildarren beharrak eta nahiak identifikatu zituzten. Eta emaitzen artean emakumezkoak elkartzeko eta elkarbanatzeko leku fisiko eza aipatu zuten askok. Horretan sakontzea ezinbestetzat jo zuen udalak. “Azaroaren 25erako emakume mugimendua martxan jartzea zen helburu, baina ez bakarrik egun puntualetan elkartu eta aldarrikapenak egiteko, baizik eta emakume talde bat osatu eta urtean zehar elkartzeko espazioak bilatzeko, jakintzak trukatzeko,… sare sendo bat sortuz”, azaldu dute udaletik.
Hala, Satrustegin kafea hartzeko hitzordua jarri zuten otsailean. “Guztion artean aurrerantzean eman beharreko pausoak definitzeko. Arrakasta handiko solasaldia izan zen eta ideia eta desio ugari jorratu genituen. Haien artean, Emakumeen Egunarekin lotutako ekitaldi berezi bat egitea, omenaldia eta bazkaria Etxarrengo Iratzar jatetxean”, argitu dute udal arduradunek. Etxarrengo elkartean elkartuko da apirilaren 6ean, 18:00tan. Argitu dutenez, “etorri nahi duen emakume guztiak, ateak zabalik ditu!”
Bertsoa
Emakumeon eguna
momentu paregabea
Eskertzeko zaretela
gu guztion zutabea
Bizi gogorra izan da
zaintza eta lana xedea
Indarrez lortu duzue
guztion eskubidea
Eskaintzen diguzuena
delako mugagabea,
zuen jakintza, altxorra,
herriaren ondarea.
Bihotzez zainduk dugu
eten ez dadin sarea,
erein duzuen hazitik
sortu dadin landarea.
Joana Ziganda