Irristaketa

Patin Sakanaren etxeko festa

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 24a, 14:00

Patin Sakana taldeko irristalariek, entrenatzaileek eta delegatuak talde argazkia egin zuten. UTZITAKOA

Olaztin jokatutako Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor txapelketan 154 irristalari bildu ziren. Irristalariak trebatzea, ongi pasa dezatela eta ahalik eta hobekien aritu daitezela, horiek dira hazi nahi duen Patin Sakana klubaren helburuak

Martxoaren 12an sekulako giroa zegoen Olaztiko Erburua kiroldegian. Nafarroako Kirol Jokoetako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketa zegoen jokoan. 154 irristalari lehiatu ziren pistan, euren senitarteko eta lagunek harmailak bete zituzten eta irristalariak gogoz animatu zituzten, eta Patin Sakana Irristaketa Taldeak kudeatutako tabernan ere, jendetza zegoen. “Hau guretako festa bat bezalakoa da, guk prestatzen dugulako guztia, ilusioz eta mimoz. Erburuako taberna ere klubetik kudeatzen dugu, eta jasotakoa denboraldiari aurre egiteko ezinbesteko laguntza da. Gure irristalariak ere ongi aritu ziren, eta, beraz, oso kontentu gaude” azaldu du Patin Sakana taldeko entrenatzaile Oscar Zamarron Carravilla altsasuarrak. "Frontoian entrenatzen dugu nagusiki eta horrek, Indoor edo toki itxien kategorian abantaila ematen digu, Iruñeko talde gehienek pistan entrenatzen dutelako. Neska-mutikoek oso ongi pasatu zuten, lasterketaren bat ere irabazi genuen, eta pozik" gaineratu du.  

Hogeitabost kide
Patin Sakana taldean 25 neska-mutiko trebatzen dira. Nafarroako Irristaketa Federazioan federatuta daude guztiak, eta lehiaketa taldea da. Patin Sakanaz gain, herriko irristaketa eskolak edo taldeak daude Altsasun, Olaztin, Etxarri Aranatzen, Arbizun eta beste. Zamarron Altsasuko irristaketa eskolako entrenatzailea da, 50-60 neska-mutila ditu bertan, eta horretaz gain, Patin Sakana entrenatzen hasi zen duela sei-zazpi urte. "Altsasuko irristaketa eskolakoek eskatu zidaten ea lehiatzen ziren irristalariekin arituko ote nintzen, lasterketei begira entrenamendu zorrotzagoak eta espezifikoak egiteko. Izan ere, irristaketa eskolan jokoen eta bestelakoen bidez neska-mutikoei irristatzen irakasten diegu, baina abiadurako lasterketek beste prestakuntza bat eskatzen dute, askoz ere espezifikoagoa: postura, bihurguneak nola hartu, erresistentzia… Animatu nintzen eta ordutik Patin Sakana taldea entrenatzen dut" dio Zamarronek. Adin eta maila ezberdinetako neska-mutikoak dira Patin Sakanakoak, Altsasu, Olazti, Etxarri Aranatz, Lakuntza… eta Sakana guztikoak.

Zamarronekin batera Maider Agirre olaztiarra eta Unai Villalobos altsasuarra dira Patin Sakanako beste entrenatzaileak. Zamarronek bi astez lehiaketa taldea entrenatzen du, eta arratsaldez lan egiten duenean Maider Agirrek hartzen du lekukoa. Bestalde, aurten Patin Sakanakoak astean behin Iruñeko Txantreako pistan entrenatzen hasi dira, asteartetan, eta Lagunak klubeko irristalaria den Unai Villalobos altsasuarrak du sakandarrak Iruñean entrenatzeko ardura.

Astean behin Txantreara
Sakanako irristalarien aspaldiko arazoa da entrenatzeko toki aproposaren beharra. Frontoietan entrenatzen dute, baina irristaketan lehiatzeko frontoiak oso motz geratzen dira. Abiadura irristaketa pista batek belodromo baten antza du, 200 metro ditu eta peraltedun bihurguneak. Ez da berdina bertan entrenatzea edo frontoi batean. "Adin bat iristen da, 12-14 urte dituztenean, Sakanako baliabideak kontuan hartuta hau txiki geratzen zaiela. Askok irristaketa uzten zuten eta beste batzuk Iruñeko klubetara jotzen zuten. Horregatik aurten erabaki genuen astean behin Patin Sakana taldeko irristalari guztiek pistan entrenatzea. Iruñeko klubekin hitz egin genuen, jarrera oso ona izan zuten, eta Txantreatik deitu ziguten asteartean ordu batez pista libre zutela eta bertan entrenatu ahal genuela eskaintzeko. Horrela, Txantreako pistan ordu hori alokatzen dugu, eta gure irristalariek Unai Villalobosekin entrenatzen dute, benetako irristaketa pista batean, Nafarroako pista onenean, gainera. Bidaiak egiteko gurasoak txandakatzen dira eta kontentu gaude" aipatu du Zamarronek.

Dagoeneko onurak nabaritzen hasi dira. "80 metroko frontoian entrenatzen dugunez, abiadura pixka bat hartzerakoan paretak jaten ditugu. Hasieran gure irristalariak ez ziren pistako bihurguneko peraltean gora egitera ausartzen, sentsazioa arraroa zelako. Baina Txantrean entrenatzen dutenetik askatu dira, lasaiago daude eta euren teknika asko hobetzen ari da. Nagusienen kasuan, eurek distantzia luzeagoak egin behar dituzte, eta iraupena landu behar dute. Iruñean askoz ere azkarrago entrenatzen dute, frontoian entrenatzen dutenaren abiadura ia bikoitza, frontoian ezin baita azkar ibili; paretaren kontra bukatuko ote duzun, hori izaten da frontoiko kezka nagusia. Kostatuko zaigu, baina gutxika irristaketa maila ona lortzen ari gara Txantrean" dio entrenatzaileak.

Helburua herri txikiek Iruñeko klubekin duten aldea parekatzea da, Iruñeko klubak "beste mundu bat" direlako Sakana, Zangoza edo Tuterako taldeekin alderatuta. Zangozan eta Tuteran ere eurek dituzten arazo berberak dituztela gaineratu du Zamarronek, eta Txantrean entrenatzeak alde hori "nabarmen" arintzen duela uste du. "Duela gutxi Pirinioen Arteko Irristaketa Txapelketa jokatu zen eta Frantziako selekzioko irristalariak etorri ziren. Txantrean entrenatu zuten, gure aurretik, eta gure neska-mutikoak txundituta zeuden, eta aldi berean, pozik, euren atzetik entrenatzera sartu zirelako" oroitzen du, irribarrez.

Astean behin Txantreako pistan entrenatzen hasi direnetik teknika asko hobetu dute

Irristaketako pistaren falta
Patin Sakanako irristalariek Altsasuko frontoian entrenatzen dute. Ordu aldaketatik aurrera, eguraldia hobetzen hasten denean, Altsasuko Korazonisten aurrealdean dagoen areto futbol pistan lanean hasten dira. "Ibilbide luzeago bat prestatzen dugu eta han aritzen gara, paretarik gabe, zirkuitu bat balitz bezala. Izan ere, irristaketan hiru modalitate daude: pista; zirkuitua edo asfaltoa; eta indoorra edo frontoi eta kantxa itxietan egiten dena. Korazonistetan egiten duguna zirkuitu entrenamendu gisa hartzen dugu" zehazten du entrenatzaileak. Dena den, kontuz ibili beharra dute, ikastetxera autoak sartzen direlako. Gurasoak ibiltzen dira trafikoa erregulatze lanetan. Arbizuko industri gunera ere jo izan dute entrenatzera, baina autoen arriskua dago. "Ni heldua naiz eta irristaketa lasterketak edo maratoiak prestatzeko errepidean entrenatzen dut, baina nire hautua da. Adin txikikoekin ezin gara horrela entrenatzen ibili, segurtasunagatik" argi du Zamarronek.

Entrenatzeko toki egoki bat izatea, irristalarien betiko arazoa. "Ez gara irristaketa pista estali bat eskatzen, asfaltatutako eremu egoki bat baizik. Sakana guztian ez dugu segurtasunez entrenatu ahal izateko asfaltatutako toki egoki bat. Kontziente gara pista estali batek sekulako aurrekontua duela; eskatzen dugun bakarra da herrietako plazetan edo kaleetan edo bestelakoetan egiten diren erreforma eta berrikuntza lanetan gu kontuan hartzea" dio Zamarronek.

Oscar Zamarron: "Ez gara irristaketa pista estali bat eskatzen ari, asfaltatutako eremu egoki bat baizik. Sakana guztian ez dugu segurtasunez entrenatu ahal izateko toki egoki bat"

Altsasuko Zumalakarregi plazan egin diren lanak jarri ditu adibide. "Asfaltatzerakoan zabalera handiagoa eman baliote, estoldak beste toki edo modu batean jarri, eta zebrabide goratuen beharrean bestelakoak jarri balituzkete, entrenatzeko toki egokia genuke bertan. Eta orain ezin dugu urtero ekainean edo irailean Zumalakarregin egiten genuen Altsasuko Zirkuitu Txapelketa antolatu. Edo Zelandi eskoletan lurra asfaltatzeko egin dituzten lanak zergatik ez dira aprobetxatu asfaltatutako eraztun bat egiteko?" galdetzen du Zamarronek. Herrian obraren bat egin behar denean, irristalarien beharrak kontuan hartzea da Patin Sakanakoek eskatzen dutena, obra txiki batekin euren beharrak ase daitezkeelako.

Beraz, aurten zirkuituko lasterketa gabe geratuko gara Sakanan. "Gezurra badirudi ere, Sakanako makina bat txoko begiratzen aritu gara eta ez dugu aurkitu lasterketa egiteko toki aproposik. Zebrabide goratuak ez badira, estoldak dira edo bestelako trabak. Ea datorren urterako toki egokiren bat bilatu eta lasterketa antolatzerik dugun" espero du entrenatzaileak. 

Aspaldiko eskakizuna
Nahiz eta irristaketak gora egin –geroz eta zaletu gehiago daude eta geroz eta proba eta lasterketa herrikoi gehiago daude– gutxienen kirola izaten jarraitzen du. "Makina bat kirol teknikarirekin bildu izan gara, baina argi dago beti beste lehentasun batzuk daudela. Ez dakit gure eskakizunak egiten ez ote dugun asmatzen, edo ez ote dugun toki egokietara jotzen… baina nekagarria da. Duela 30 urte irristaketa lasterketetan parte hartzen nuen, eta ordutik hamaika pista proiektu ikusi izan ditut: frontoi atzealdean, Dantzalekun… baina oraindik ezer gabe gaude, frontoian sartuta" nabarmendu du entrenatzaileak.

Izan ere, askok uste dute irristaketan aritzeko frontoia nahikoa dela, "baina ez da horrela. Pistako edo zirkuituko proba bat ikusten dutenean, flipatu egiten dute. Pentsa, Antoniuttin 60 kilometro orduko abiadura hartzera heltzen dira irristalariak. Hori ezin duzu frontoi batean entrenatu" argi du.

Patin Sakana taldea handitzea eta irristalariak ongi trebatzea da helburua

NKJ-etako Txapelketak jokoan
Patin Sakana Taldeko irristalariak Nafarroako Kirol Jokoetako Txapelketetan murgilduta daude buru-belarri. Nafarroako Pista Abiadura Txapelketako bigarren lasterketa dute jokoan larunbatean Amaia klubeko pistan, eta hurrengo astean Lagunak klubekoan lehiatuko dira. Pistakoa bukatuta, Zirkuituko Abiadura Txapelketa hasiko da. Denboraldian hamabosten bat lasterketa izaten dituzte, eta Nafarroako Txapelketetan aurreneko postuan sailkatuz gero, Espainiako Txapelketan aritzeko txartela lortu dezakete.

Zamarronek azaldu duenez, klubean ez dituzte kirol helburu handiak jartzen, jakitun direlako zein kirol maila duten eta noraino iristen diren. "Patin Sakana taldea handitzea, haztea, irristalariek ongi pasatzea eta irristalariak ongi trebatzea da gure helburua. Lasterketetara ahalik eta irristalari gehien eramatea, eta haiek ahalik eta hobekien ibiltzea, bakoitza bere helburu jakinekin. Hori da nahi duguna. Gure klubeko irristalari bat Espainiako Pista Txapelketan aritzeko sailkatu da, Nafarroako Pista Txapelketan lehen zazpi postuen artean sailkatu eta gero. Ez genuen inondik inora espero eta oso pozik gaude berarengatik" dio entrenatzaileak. Zenbait txapelketetan ezin dute aritu, ez dituztelako nahikoa irristalari, Nagusien Mailako Ligan, esaterako. Bospasei irristalari beharko lituzkete, eta soilik bi dituzte.

Oscar Zamarron: "Irristaketa kirol dibertigarria da, aurkakotasunik sortzen ez duena"

Sanoa eta dibertigarria
Olaztiko Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketa ikustera eskoletako hainbat irristalari joan ziren eta haiek Patin Sakana lehiaketa taldera animatzea da klubekoen itxaropena. "Saltoa ematea kosta egiten da, baina gure ateak zabal-zabalik daude" egin du gonbita Zamarronek. Irristaketa kirol fisikoa da, abilezia izatea eta teknika asko eskatzen duena, "baina dibertigarria eta sanoa da, ez du beste kirolek duten aurkakotasun hori. Lagun asko egiten dituzte eta oso ongi pasatzen dute" aitortu du. Gaur egun guraso ia guztiek euren seme-alabak patinatzen jakitea nahi dute, "eta hori garrantzitsua da, nahi horretatik etorkizuneko irristalariak sortu ahal direlako". 

Mitxel Agirreri eskertza
Martxoaren 10ean zendu zen Mitxel Agirre Gorospe olaztiarra. Oso ezaguna zen. Futbolaria eta areto futbol jokalaria, besteak beste Olaztiko Sutegiko, Altsasu Kirol Elkarteko, Uharte Arakilgo Aralar Mendiko eta Araiako Alipendiko jokalaria izan zen, baita entrenatzailea, arbitroa eta unean behar zena.

Beti laguntzeko prest, gurasoa zen aldetik Patin Sakana taldeko presidentea izan zen duela gutxira arte. Olaztiko Indoor Txapelketako alma materra, txapelketa bere aldeko minutu bateko isilunearekin hasi zen, bere irudia eta lore sorta Erburua kiroldegi erdian zegoela. Sakanako zelai eta kantxa askotan ere bere aldeko isiluneak gorde iziren, Mitxelek hutsune oso handia utzi duelako.