Hezkuntzan, administrazioan, aisialdian eta hedabideetan, besteak beste, berarendako espazioak irabazi ditu euskarak. Baina zuloetako bat lan mundua da. “Han txikia da euskararen erabilera. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearen (SDOZE) laguntzaz ibarrean merkataritzan pauso batzuk eman badira ere, lantegietan euskara sartzea gehiago kostatu da”, azaldu du Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikariak.
Errazkinek azaldu duenez, “heldu askok lantokian ematen dute beren denboraren zati handi bat. Lan mundua ez da modu naturalean euskaldunduko. Euskara lan munduan besterik gabe ez da txertatu behar. Erabaki kontzientea izan behar du. Esku hartze planifikatua eta eragile guztien parte hartzea eta elkarlana behar dira”. Horregatik, bai berak baita Sakanako Enpresarien Elkarteak, Belardi ekoizleen elkarteak, Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek eta SDOZEk ere lantokietan euskara txertatzeko pausoak emateko deia egin diete sakandarrei. ELAk eta LABek babesa eskaini diote ekimenari.
Eskuliburua
Sozio-ekonomia esparruan euskararen erabilera handitzen laguntzeko Euskara Zerbitzuak Enpresetan euskara txertatzeko eskuliburua argitaratu du. Gida horretan enpresetan euskararen presentzia handitzeko aholkuak eman eta baliabideak eskaintzen dira. Eskuliburu hori Sakanako enpresetara bidaliko du Euskara Zerbitzuak.
Eskuliburuak sei atal ditu. Aurrenekoan euskarak lan mundua bereganatzeren garrantziaz aritzen da. Atal horretan azaltzen denez, beste esparruetan bezala sozio-ekonomia arloan ere lanketa egin behar da euskararen erabilera handitzeko. Horretarako, esku hartzea planifikatua behar da eta euskara planak dira hain zuzen bigarren atala. “Lan mundua euskalduntzeko lehen euskara planak 90eko hamarkadan egin ziren. Azken urtetan dinamika hori ugaldu da eta zenbait enpresa aholkulari daude. Eta eskuliburuan kontaktuak daude” azaldu du Errazkinek.
Argitalpen horretan ere euskara enpresan txertatzeko arrazoiak irakur daitezke, esate baterako: merkatu berriak, kalitatea, elementu bereizgarria, kohesioa, aitzindaritza, gizartearekin bat egitea edota gizarte erantzukizuna. Laugarren atalean “egoera soziolinguistikoa edozein izanda ere” euskara enpresetan txertatzeko ahozko eta idatzizko komunikazioan har daitezkeen neurrien zerrenda egiten da. “Abiapuntuaren arabera dena ez dugu eginen, baina pausoak progresiboki emanez aurrera egin daiteke. Modu planifikatu eta eraginkorrean egiteko, lagungarria izanen da aholkularitza enpresa kontratatzea”, azaldu du teknikariak.
Euskara Zerbitzuak enpresei honako laguntza eskaintzen die: Itzulpen Zerbitzua, Errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntza (ostalaritza, establezimendu komertzial eta elkarteei), euskara ikasleendako diru-laguntzak eta Dendari eta ostalariendako baliabideak (kartelak eta bestelako euskarriak…). Bestalde, eskuliburuaren bertsio digitalean Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen berri jaso dute.
Euskarabidearen laguntzak
Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera lantoki pribatuetan sustatzeko 222.000 euroko dirulaguntza banatuko du aurten. Aurtengo deialdia dagoeneko egin du Euskarabideak eta lau motako laguntzak banatuko ditu. Aurten lehen euskara plana egin nahi duten enpresen artean 34.000 euro banatuko ditu foru administrazioak. Aurretik euskara plana egin eta haren kudeaketarekin segituko duten enpresendako 166.000 euro banatuko dira. Bestetik, euskara plan bati lotu gabeko ekintza edo jarduera zehatzendako 10.000 euro daude. Eta, azkenik, 12.000 euro banatuko dira honako jardueretako bat egin nahi dutenendako: komunikazioaren teknologien esparruan euskara sustatzeko edota zabaltzeko webguneak eta software-aplikazioak euskaraz sortzea; lehendik dauden webguneen eta aplikazioen bilakaera, aldaketak, hobekuntzak; webguneak eta software aplikazioak euskaratzeko lanak edota webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak komunikazioaren teknologietan euskara sustatu edo zabaltzea.