Astekaria

Kamioilariak lan baldintza duinak eskatzen

Guaixe 2022ko mar. 21a, 08:41

Altsasuko kamioi aparkalekuan garraiolariak greban daudela adierazten duen pankarta.

Garraiolari asko etxean eta kamioiak aparkalekuan. Joan den astelehenaz geroztik hori da panorama gurean. Izan ere, Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabea babestu dute Hiruk eta Tradisnak, eta harekin bat egin dute ibarreko hainbat kamioilarik.

Joan den astelehenaz geroztik sektorean baldintza duinak aldarrikatzeko eta neurri zehatzak eskatzen ari dira. Protestaren sua piztu duena erregaiaren prezioaren garestitzea izan da. Espainiako Gobernuak jakinarazi du hilabetearen akaberan jaitsiko dituela prezioak. Baina garraiolariek horretaz aparte  ezinbesteko jotzen dute garraioaren tarifak gasolioaren prezioaren igoeraren arabera berrikustea, “gutxienez hamabost egunean edo hilabetean behin behintzat”. Tarifen berrikuspena beraien gastu guztien gehikuntzaren araberakoa izan beharko lukeela uste dute. Horregatik, hainbat kamioilarik bezeroei tarifen berrikuspena eskatu diete egunotan. 

Baina sektoreko profesionalek beste hainbat aldarrikapen dituzte, beraien lana duina izateko. Batetik, exijitu dute inork ez dezala kostuen azpitik lan egin. Horretarako, azpikontratazioak baztertu eta lanerako gutxieneko tarifa ezartzearen alde agertu dira. Horrekin batera, lan baldintzak duintzeko garraioan dauden jokabide makurren kontrola eskatu dute, besteak beste posta enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena. Horiek kontrolatu eta behatu beharra ezinbestekoa dela jo dute. 

Beste aldarrikapen batzuk
Protesta egiten ari diren kamioilarien iritziz administrazioak bertako garraiolariak eta enpresak babestu beharko lituzke: “bertako enpresei zerbitzua emango dien sarea zaindu”. Erregaia garesti dago, baina hura ordaintzeko dirurik ez izatea ere arazoa izan daiteke egindako lanagatik garaiz kobratzen ez bada. Horregatik protestan daudenek eskatu dute pausoak eman daitezen ordainketak hilabete baino gehiago atzeratu ez daitezen. 

Garraioari jartzen zaizkien bidesariekin ere kexu daude garraiolariak. Haien iritziz horiek kendu beharko lirateke, eta errepideen konponketa publikoa izatea aldarrikatu dute. Erretiroaren inguruko eskaerak ere baditu sektoreak. Batetik, erretiratzeko adina 60 urtetan izan dadin laguntzak izatea. Bestetik, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak jubilatzeko aukera handitzea eta, horrekin batera, lanbidean hasi nahi dutenendako Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatu dute.