Pilota

Arakildarren arteko finalik gabe

Guaixe 2022ko mar. 21a, 11:00
Martija eta Altuna finalean daude, baina beste finalisten kontra galduta iritsi dira finalera. ASPE

Elezkanok eta Zabaletak 22 eta 16 irabazi zieten Irribarriari eta Rezustari, eta Altuna eta Martija finalerako sailkatu ziren automatikoki. Tamalez Altunak eta Martijak 6 eta 22 galdu zuten Lasoren eta Imazen kontra eta Zabaleta eta Elezkano finaletik kanpo geratu ziren

Binakako Txapelketako misterioa argitu da. Altunak eta Martijak, Binakako hasierako txapelketako bikote erregularrenak, eta Lasok eta Imazek, txapelketako sorpresak, jokatuko dute apirilaren 3an Bilboko Bizkaia pilotalekuak hartuko duen final handia. 

Altuna eta Martija larunbatean sailkatu ziren matematikoki final handirako, Zabaletak eta Elezkanok larunbatean Labriten jokatutako partida ikusgarrian Irribarriari eta Rezustari 22 eta 16 irabazi eta gero. Lastima aurreko partidetan maila hori eman ez izana. 

Altunak eta Martijak Laso eta Imaz izan zituzten aurkari atzo, igandea, Astelenan, eta nahiz eta finalerako sailkatuta egon, asko zuten jokoan: euren enpresako kide Zabaletari eta Elezkanori laguntzeko Laso eta Imaz irabaztea, eta azken hauek 16 tanto baino gutxiago egitea. Horrela, Zabaleta eta Elezkano finalerako sailkatuko ziren. Bestela, Baikokoek egingo zuten aurrera. 

Lasok eta Imazek Bilboko finalean egon nahi zutela oso argi utzi zuten hasieratik eta berehala aldea ateratzen hasi ziren. Ia konturatu ere egin gabe. Altuna eta Martija ia ezezagun batzuen aurrean, urdinak tantoak pilatzen hasi ziren, oso azkar. 2 eta 5etik 2 eta 10era joan ziren zuzenean. Altuna eta Martija akatsak pilatzen hasi ziren eta noraezean ibili ziren. Partidak ez zuen kolorerik izan eta Lasok erremate ikusgarriak denetariko tantoak egin zituen atzean Imaz bizkartzain bikaina zuela. 6 eta 22 irabazita, Laso eta Imaz finalerako sailkatu ziren, merezimendu osoz, eta oso gutxigatik bidean geratu zira Elezkano eta Zabaleta. Lasok azaldu zuenez, ez zuen espero partida horrela joango zenik, “Altunaren kontra zerbait ezberdina egin beharra dagoelako”, baina oso pozik zegoen bere lehen finala jokatuko duelako. Bide honetan bidelagun izan dituenak izan zituen gogoan, tartean Egoitz Carrion bere prestatzaile irurtzundarra. 

Ahaztu eta aurrera
Altuna eta Martija ez zeuden batere kontentu partidan egindakoarekin. Nahiz eta finalerako sailkatuta egon, beste maila batean aritzea espero zuten. “Partida txarra izan da. Gaurkoa ahaztu eta finala oso ongi prestatu beharko dugu” aitortu zuen Martijak. 

Altuna-Martijaren eta Laso-Imazen finalerako sarrerak salgai daude Baiko eta Aspe enpresen webguneetan. Kantxako jarlekuak eta lehenengo solairuko alboko jarleku batzuk daude salgai, errebotekoak eta bigarren eta hirugarren solairukoak agortuta baitaude.