Udaberriaren etorrerarekin lehen sektorea aldarrikatu eta lehen sektoreko eta bertako produktuak goraipatu nahi izan dute.
1. Zergatik Udaberri eguna antolatu?
Udaberriaren etorrerarekin aspalditik herrian lehen sektorearekin zerikusirik duen festa bat antolatu nahi izan dugulako. Ideia aspalditik geneukan buruan, baina pandemiagatik ezin izan dugu lehenago egin. Gainera, udaberriaren etorrera lehen sektorearekin erlazionatutako festa bat antolatzeko garai ona iruditzen zaigu.
2. Nola sortu zen ideia? Nola gauzatu zenuten?
Larunbatetan elkartean kuadrillatxo bat elkartzen gara eta denen artean hizketan gure gazta berriaren irekieran ekitaldi moduko bat egiteko ideia atera zen. Hasiera batean, hori zen ideia, eta jendea gogotsu zebilenez, ekitaldi desberdinak proposatzen hasi ziren. Denari forma ematen joan ginen gero.
3. Beraz, helburua gazta berriaren irekiera zen?
Bai, hasiera batean hortik atera zen. Lehenengo ideia hori zen, baina gero gauza handitzen joan zen, eta saltsa gehiagotan sartu ginen. Forma ematen joan ginenean, lehen sektorea aldarrikatzeko modu bat bezala bideratu genuen; lehenengo sektoreko produktuak goraipatzeko festa bat.
4. Nortzuk zaudete Udaberri Egunaren atzean?
Modu batean edo bestean azkenean ihaberdar guztiak parte hartu dugu. Hasiera batean, kuadrillan hasi zen, baina gero herritar gehiagorekin hizketan, denak inplikatu dira modu batez edo bestez festa honetan.
5. Nola antolatu duzue?
Hasieran jendea ideiak aipatzen joan zen, eta gero forma txukunago bat emateko Ihabarko kontzejuarekin bildu ginen. Kontzejuak festa batzorde bat antolatu zuen, eta hortik lan talde desberdinak sortu genituen. Lan talde bakoitza gauza batetaz arduratzen joan da.
6. Zer esan nahi du gazta berriaren irekierak?
Kanpaina hasiera moduko bat da. Gazta egiten neguan hasten gara, abendu aldera, baina gazta horrek ontzeprozesua behar du, eta orain da, gutxi gora behera, artzai guztiok gazta berria salmentara ateratzen dugun garaia. Orduan, horren harira horrelako ekitaldi bat egiten da. Irekierak esan nahi du gazta salmentara ateratzen den unea.
7. Eta nolakoa da aurtengo gazta?
Aurtengoa, gutxi gora behera, urtero bezalakoa da. Jendea gogotsu egoten da gazta berria probatzeko. Betiko antzera, oso ona dago.
8. Udaberri Egunean gazta berriaren irekierak pertsona ospetsu batek egingo du…
Nire bikotea, Pablo, pilotari izan zen eta Oinatz Bengoetxearekin harremana du. Berari esan genion. Erretiratzen ari da, eta pentsatu genuen polita izango zela berari deitzea bere ibilbidearen amaieran dagoelako eta, alde batetik, gazta irekierari ikusgarritasun pixka bat emateko pertsona ezagun bat interesgarria zela eta, bestetik, berari omenaldi txiki bat egiteko asmoarekin; 20 urte hauetan egindako ibilbideagatik eta pilotari bezala beti egon delako pilotari gazteen alde leanean. Batez ere, greba garaian egon zirenean berak haien alde aurpegia atera zuen. Horregatik omenalditxo hori merezi du.
9. I. Postre lehiaketa antolatu duzue ere. Zergatik postreak?
Uste dugu ardi esnea beti gazta eta mamiarekin erlazionatzeko joera dagoela, eta erabilera anitz gehiago izan ditzake. Orduan, pentsatu genuen jendeari pentsarazteko, eta jendearen parte hartzea eta sormena sustatzeko zer egin genezakeen. Edozein postre egin daiteke, baina osagaien artean ardi esnea egon behar du.
10. Herri bazkaria ere bertako produktuekin eginen duzue.
Ikusi genuen herritik atera gabe herri bazkaria prestatu genezakeela; Ihabarko produktuekin bakarrik. Bazkaria prestatzeko erabiliko ditugun produktu guztiak bertakoak dira: babarrunak, zikiroa ere gure arkumearekin egingo dugu, behi eta ardi esnea ere Ihabarkoak dira, eta ardoa Ihabarren eginen dute ere. Bertako, kilometro zero-zero.
11. Zein da lehenengo sektorearen egoera?
Arakil bailara aproposa da bai abeltzaintzan bai lehenengo sektorean lan egiteko. Ez gaude asko sektore honetan lan egiten dugunok, baina garenak profesionalak gara, hortaz lan egiten dugu. Horrek asko errazten digu gure arteko harremanak eta elkarlana. Alde horretatik, oso eroso lan egiten dugu. Baina egia da sektorea orokorrean gure eskuz kanpo dauden baldintzengatik geroz eta gehiago estutzen ari direla. Kostuen igoera, denok pairatzen ari garela, baina lehenengo sektorean bereziki: pentsua, argia, produktuen salmentaren prezio baxuak, burokrazia... Azkenean, estutzen gaituzte. Etorkizuna oraintxe beltz ikusten da, baina nik uste elkarlanean aurrera aterako garela.