Behatokiarendako gobernuaren zerbitzuetan ez dira euskaldunek eskubide guztiak bermatu

Guaixe 2022ko mar. 22a, 15:01

Agurne Gaubekak prentsaurrekoan eman ditu azalpenak. BEHATOKIA

Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa egin du Behatokiak. Departamentu gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da %3ra heltzen; kasu batzuetan, %2ra ere ez. Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak euskara erabili nahi duten herritarrak gutxietsi eta haien hizkuntza eskubideak are gehiago mugatuko ditu.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak esan duenez, “Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala bermatzen herritar guztien hizkuntza-eskubideak, hau da, euskara ikasi edo administrazioarekin erabili ahal izatea”. Eta gaineratu du foru administrazioak ez duela “behar bezala aurrera eramaten Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena bultzatzea”. Gaubekak ziurtatu duenez, “herritarren eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko, euskara ikasteko baldintza egokiez aparte, funtsezkoa da herritarrari euskara eroso erabili ahal izateko espazioak eskaintzea. Eta hori, administrazioarekin ditugun harremanetan behar bezala bermatu gabe, nekez zabaldu daiteke gizarteko beste espazio batzuetara”. 

Behatokiko arduradunaren iritziz, “hizkuntza eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea. Horrela, herritarrek edozein tramite, kontsulta, informazio edo azalpen euskaraz inongo albo kalte ondoriorik jasan behar izan gabe jaso edo aurrera eraman ahalko lukete”. Ziurtatu duenez, “ez da nahikoa lanpostu gutxi batzuei hizkuntza profila ezartzea, horrek zerbitzu sistema osoa baldintzatu eta administrazioaren efikazia oztopatu dezakeelako”. 

Datuak
Nafarroako Gobernuko departamentuetako plantilla organikoaren azterketa eta ondorioak aurkeztu ditu Gaubekak: “Egungo Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren argazkiak ezinezkoa egiten du herritarrak administrazio ezberdinetan euskara erabili ahal izatea”. Behatokiko arduradunak gaineratu duenez, “hori gutxi balitz, lan deialdi publikoetarako Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak, egungo argazki hori hobetu ordez, eta lanpostu publikoetan euskarazko zerbitzua bermatzea bultzatzeko merezimendu neurri egokiak hartu beharrean, euskara erabili nahi duten herritarren aitortza gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak eremu gutxi batzuetara zokoratu eta mugatuko ditu”.

Departamentu gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da %3ra heltzen; kasu batzuetan, %2ra ere ez. Nafarroa guztiko herritarrak administrazio sistema berdinaren pean dauden heinean, Behatokiarendako ezin dira betebehar horiek mailakatu. “Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea”, esan du Gaubekak.

Departamentuz departamentu

  • Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko departamentua
    1.253 lanpostutik soilik 39 lanpostu dira elebidunak, Foruzaingoak aparte.
    • Nafarroako S.O.S. atalean, esaterako, 56 lanpostutatik, ez dago lanpostu elebidunik.
    • Suhiltzaileen parkeetako 601 lanpostuetatik, lanpostu elebidunak guztira 16 dira soilik.
    • Gazteriari lotutako hainbat sailetan (Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazteriaren Behatokia, Gazteriaren Programetarako Atala, Gazte Elkarteekin Negoziatzeko Atala…) 9 lanpostu daude, horietatik bakar batek ere ez du euskararen nahitaezko ezagutza ezarrita.
    • Foruzaingoan 1.312 lanpostutik, 22 dira profil elebidunekoak (B2 maila), 17 eremu 
      euskalduneko lanpostuak (%1,3), 4 eremu mistokoak (%0,38). 
  • Ekonomia eta Ogasun Departamentua
    518 lanpostutik, 12k dute euskararen nahitaezko ezagutza (%2,32 inguruk).
    • Zergadunen Asistentzia eta Informaziorako Atalean, 33 lanpostu daude eta lanpostu bitan soilik da nahitaezkoa euskararen ezagutza (C1 maila).
    • Nafarroako Estatistika Institutuan, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan edo Idazkaritza Tekniko Nagusian lanpostu elebidun bana aurkitu dute; eta
    • Zergadunarekin Harremanetarako Atalean, 31 lanpostutik bakarrak du profil elebiduna.
  • Osasun Departamentua
    Osasunbidetik kanpo, profil elebiduna duten lanpostu bi bakarrik daude zerbitzu zentraletan. Profil elebiduneko lanpostu gehien dituen Departamentua izan arren, ez da %3ra heltzen (%2,3 inguru), eta lanpostu elebidun gehienak Osasunbideako eremu euskaldunean kokatzen dira.
    • Zerbitzu zentraletan dauden lanpostu elebidun gehienak erizainenak dira (hala ere oso gutxi  dira, 47 bat Departamentu osoan eta plaza gehienak hutsik daude).
    • Zeladore lanpostu bik bakarrik dute euskararen derrigortasuna.
    • Legeak ezarritako eremu euskaldun osorako, 7 mediku lanpostuk soilik dute euskararen  derrigortasuna.
    • Ez dago Nafarroa osoan euskarazko nahitaezkotasuna duen espezialista lanposturik.
    • Nafarroako osorako profil elebiduna duen psikologo kliniko bat eta terapeuta okupazional  bakarra daude.
    • Nafarroa osoan lehen arretako 69 pediatria lanpostu daude, horietatik 9k dute euskararen  nahitaezko ezagutza (B2 mailan), 7 eremu euskalduneko lanpostuak dira, 2 soilik eremu  mistoan (bat hutsik) eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean ez dago euskararen ezagutza duen lehen arretako pediatria lanposturik. Larrialdi pediatrikoetan ere, eremu mistoan kokatzen direnak, ez dago profil elebiduna duen lanposturik.
  • Kultura eta Kirol Departamentua
    Guztira 221 lanpostu daude, 9k dute euskararen nahitaezkotasuna ezarrita (%4). 9 horietatik bakarra dago zerbitzu zentraletan (bulegoburu lanpostu bat) eta gainerakoak liburutegi publikoetako arduradunak dira.
    • 8 horietatik 7 eremu euskaldunetako liburutegietakoak dira. Beraz, legeak  ezarritako eremu ez-euskaldun eta eremu mistoko 71 liburutegitan, euskararen  nahitaezko ezagutza duen lanpostu bakarra dago (Iruñeko 9 liburutegietako batean).
    • Legeak ezarritako eremu euskaldunean ere, Lesaka eta Berako liburutegietako arduradun lanpostuek ez dute euskararen nahitaezkotasunik ezarrita.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua
68 lanpostu daude, ez dago euskararen nahitaezko ezagutza duen lanposturik.
    
Lurralde Kohesiorako Departamentua
259 lanpostutik, euskarazko profila duen lanpostu bakarra dago: %0,39a.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua
Departamentu guztian, 103 lanpostutik, ez dago euskararen nahitaezkotasuna duen lanposturik.
  
Eskubide Sozialen Departamentua
Eremu euskalduneko enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila duten lanpostu bakan batzuk.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua
Ez dago profil elebiduna duen lanposturik.

Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentua
Ez dago euskarazko profila duen lanposturik; bai, ordea, ingeles edo frantses profilekoak.