Txirrindularitza

Nafarroako Itzulia Sakanatik pasako da

Guaixe 2022ko mar. 23a, 11:00

Juan Mari Guarjardok aurkeztu zuen ekitaldian Miguel Indurain oholtzara igo zen. NAFARROAKO ITZULIA

Maiatzaren 28ko etapan txirrindulari afizionatuek Aralarko San Migel portua gainditu beharko dute

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten 2022ko Nafarroako Itzulia, afizionatuen mailako Nafarroako txapelketarik garrantzitsuena, Zangozan, bertan hasiko baita aurtengo edizioa. Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak gidatutako ekitaldian, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola izan zen eta kontseilariak nabarmendu zuenez “gaurkoa egun pozgarria da, Nafarroako Itzulia atzera ere Nazioarteko Txirrindularitzaren egutegian dagoelako”. 

Nafarroako Itzulia maiatzaren 26tik 29ra jokatuko da. Lau etapa izanen ditu. Lehena Zangozan hasi eta despedituko da (140,4 km) eta bigarrena Casedan hasi eta Larra-Belaguako Roncalian bukatuko da (163,3 km), Erronkariko lehen mailako portua igota. Hirugarrena Lekunberrin hasi eta Sakanara helduko da, Zuarratetik, Uharte Arakileraino iritsi eta lehen mailako Aralarko San Migel portua igotzeko. Lekunberrira jaitsita, lasterketak aurrera egingo du bigarren mailako San Cristobal gainean despeditzeko. Laugarren eta azken etapa Iruñean hasi eta bukatuko da (124,8 km). 

Beraz, lau proba gogor izanen ditu itzuliak eta afizionatuen mailako talderik onenak lehiatuko direla nabarmendu zuten antolatzaileek. Tartean izango dira txirrindulari sakandarrak.  

Nafarroako Itzulia afizionatuen txirrindularitzan “erreferentea” dela esan zen Nafarroako Itzuliko zuzendari tekniko Xabier Murielek. "Maila oso handia du eta ez da edozeinek irabazi ahal duen lasterketa" nabarmendu zuen. Bestalde, lasterketa sustatu eta lagundu duten administrazioei eta babesleei eskerrik beroenak eman zizkien.