Pilota

Binakako finalistak, modelo

Guaixe 2022ko mar. 24a, 09:45
Altuna, Martija, Laso eta Imaz kamiseta berria jantzita. BAIKO

Astorek pilotariendako diseinatu duen kamiseta berri bakoitza plastikozko 11 botilarekin eginda dago

Astorek pilotariendako sortu duen kamiseta berria aurkeztu zuen atzo, asteazkena, enpresaren Arrasateko egoitzan. Bertan izan zen Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko duen laukotea, beraiek mustuko baitute, ofizialki, Astorek egindako elastiko berria, apirilaren 3an Bilbon jokatuko duten finalean. Martija, Altuna, Laso eta Imaz irribarretsu zeuden kamiseta berria erakusteko modelo lanetan. 

Astoreko salmenta arduradun Iñigo Unanuek azaldu zuenez, “jantzi jasangarria, funtzionala eta teknikoa” egin nahi izan dute, Euskal Herrian egina, tokiko diseinatzaileek diseinatuta eta gertu fabrikatuta. Ukitu klasikoa du, itxura retroa ematen dion lepoa baitu. “Estetikarekin jolastu nahi izan dugu, eta berritasuna da kolore txuria sartu dugula. Aspe eta Baiko enpresak ezberdintzeko, goialdean aldaketa egin dugu: Baikoren elastikoak bi sorbaldak zuri kolorekoak ditu eta Asperena, ordea, zuria da sorbalda batean eta nahukan” gaineratu zuen. 

Plastikozko 11 botila
Aurreko modeloa bezala, elastiko berriak %100 birziklatuta dagoen Dryshell ehun malguan eta oso arinean eginda dago. Hain zuzen ere, plastikozko 11 botilarekin egina dago.

Ekitaldian ere entrenamenduzko arropa berria aurkeztu zuten eta Joseba Ezkurdiak, Xabi Tolosak, Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak egin zuten modelo lana.