Hizkuntza paisaian eragin eta euskararen presentzia bermatu eta areagotzeko, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak diruz lagunduko ditu errotuluak, toldoak eta merkataritza ibilgailuen errotulazioa. Horretarako 1.500 euroko aurrekontua du. Euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren %50 ordainduko zaio, gehienez 500 euro emanen zaizkio. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari %25 ordainduko zaio, gehienez ere 250 euro. Azken kasu horretan elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko du eskatzaileak, hau da, euskarazko testuak (tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik) izanen du lehentasuna.
Mank-ek ezarri dituen artean daude dirulaguntzak kartel edo elementu bakoitzari aplikatuko zaizkiola, laguntzarik ez du jasoko bakarrik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek, ezta gaizki idatzita daudenek edo oker gramatikalak dituztenek ere. Azken horiek saihesteko, Mank-ek itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die, doan, errotulua euskaraz jarri nahi dutenei.
Interesa dutenek laguntza lortzeko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Mank-eko Lakuntzako bulegoetako erregistro orokorrean edo erregistro elektronikoaren bidez: eskabide ofiziala beteta, IFKren fotokopia, fakturaren fotokopia, errotuluaren argazkia eta aitorpena, helburu honetarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da. Eskatzaileak Sakanako Mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea ezinbestekoa da.