Pirinioetako Bidean parte hartzeko izen ematea zabalik dago

Guaixe 2022ko mar. 31a, 11:27

Ekimena aurkezten, Aiako Harria argiztatuta dagoela. GURE ESKU

Katalunia eta Euskal Herria lotzen dituen mendilerroko 300 gailurretik gora argiztatu nahi dituzte garilaren 2an. Haietatik 115 euskal herritarren ardura izanen da eta bi sakandarrena. Ekimenean parte hartu nahi duenak www.gureesku.eus webgunearen bidez eman dezake izena.

Kataluniako Assemblea Nacional Catalana (ANC), Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya (FEEC) eta Gure Esku dira Pirinioetako bidea ekimena antolatu dutenak, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República erakunde kataluniarren laguntza dute. “Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi lerro bat osatuko dugu Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko”, azaldu dute antolatzaileek. 

Gure Eskutik jakinarazi dutenez, hala nahi duten sakandarrek Baztanen dauden Alkurrutz eta Gorramakil mendiak argiztatu beharko dituzte. Biak ere mendi “berdeak” dira, hau da, edozein pertsonak erraz igotzeko modukoak. Gure Eskuk gaineratu duenez, Gorramakil mugikortasuna murriztuta duten pertsonendako mendi egokia da. Eta sakandarrekin batera igotzeko aukera izanen dira. Horretarako, www.gureesku.eus webgunearen bidez eman daiteke izena. Hala ere, nahi duten  herritarrek beste edozein gailur aukeratu dezake. Izen emateak hamar euro balio du, eta asegurua barne hartzen du. 

Ekimena aurrera eramateko aukeratu diren mendi guztiak ez dira igotzeko errazak. Trebetasun teknikoa eta eskarmentua eskatzen duten gailurrak ere badaude aukeratutakoen artean. Gailur “gorrietara” soilik trebatutako duten mendizaleak joanen dira. Gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, eta haietako batera igoz ekimenean parte hartu nahi dutenek pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi behar dute. Mendizale federatua izan behar denez mendi horietara jotzeko, izen emateak bost euro balio du. 
  
Mendietara joan gabe erronka kolektibo erraldoi horretan parte hartzeko aukera izanen da ere zenbait herritan ekintza sinboliko bat eginen baita garilaren 2ko ilunabarrean, eta beste batzuetan, aurreko asteetan zehar egonen da parte hartzerik. Parte hartzeko sakandarrek izena eman dezakete www.gureesku.eus webgunean, euren herria hautatuz.