Errigora, eta oinak lurrean

Guaixe 2022ko mar. 28a, 08:42
Sakanako boluntarioak Etxarri Aranazko plazan. ERRIGORA

Asteazkenera arte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba olio birjina estra, kontserba, arroz, pasta eta lekale sortak eska daitezke, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak ibarreko ohiko tokietan edo www.errigora.eus web orriaren bidez egin daitezke

Udaberriko Errigoraren kanpainak, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura, Oinak lurrean leloa du. Errotuta dagoen kanpaina horren bultzadaz “pausu handiak ematen ari gara Nafarroako baratzean, oinak lurrean beti”. Errigorako kideek azaldu dutenez, “azken urteotan lur-eremu berriak jarri ditugu bestelako ereduen esku, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu dugu, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diogu eta euskarari olio errota eta kontserba etxeetako ateak zabaldu dizkiogu”. 

Urteetako lanaren emaitza da aurrekoa, baina Errigorako kideen iritziz, “oraindik bide luzea dugu elikadura burujabetzaraino, baina, esan ohi dugun bezala, ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daiteke kontsumitzeko modua aldatzea”. Ekimenak landa eremuan lanpostuak mantendu edo sortu, tokiko ekonomiari bultzada eman eta populazioa herrietan finkatzen laguntzen du. Gainera, Errigorak ekoizleei ziurtasuna eskaintzen die: ekoizpenaren zati baten salmenta prezio duinean bermatuta izateak errazago egiten du beste ekoizle batzuk animatzea. Bestalde, Errigoran dauden ekoizleen harremanetatik, batzuek dibertsifikaziorako pausoa eman dute, lehengaia ekoiztu eta beste baten ontziratzeko. Horregatik, kanpainaren sustatzaileek Errigorako produktuen eskaera egitera gonbidatu dute, aipatutako “bide hori elikatzen segitzeko”.

Eskaera eta banaketa
Kanpaina urtean behin egiten denez, Errigorakoek eskaera handiak egin eta urte guztirako produktuez hornitzeko gonbidapena egin dute. “Horregatik, olioa bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki kontserbak 12 unitateka”. Joan den urtean bezala, aurten ere, hainbat produktutan kopuru mugak dituzte, horregatik, eskaera produktuak agortu aurretik egitera gonbidatu dute. Martxoan egindako eskaera apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian banatuko da. Erosketaren banaketa ohiko puntutan eginen da. Ordainketari dagokionez, txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izan da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Bestela, produktua jasotzean eskudirutan ordaindu daiteke. 

Errigoratik, atzera ere, kanpaina auzolanean antolatu dela gaztigatu dute: “herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan”.