Udalekuetan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2022ko mar. 31a, 08:53

Bi gaztetxo bizikletan Satrustegin. ARTXIBOA

Berrogei eskaintzaren berri jaso du Nafarroako euskara zerbitzuen www.era.eus webguneak. Sakanako Mankomunitateak euskarazko udalekuetan parte hartzen dutenendako dirulaguntza deialdia egin du.

Orain hasiko dira familietan haur edo gaztetxoen eta gurasoen arteko hizketaldiak. Udako oporretan  udalekuetara joatea izanen da hizketagaia, baita nora eta noiz joan ere. Eskaintza zabala dago eta  informazio guztia toki bakarrean kontsultatzeko aukera ematen dute Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatekoa barne, elkarlanean sortu dute www.era.eus webguneak. Atari hori  euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas prozesua osatzeko sortu zen, eta han jasoa dago euskarazko udalekuei buruzko informazio praktikoa. 

Bestalde, Mank-eko Euskara Zerbitzuak udalekuetan parte hartzen duten haur eta gazteendako dirulaguntza deialdia egin du. Teknikariek zehaztu dutenez, laguntza eskuratzeko aukera izanen dute udako oporretan egiten diren 5 egun (4 gau) eta 15 egun (14 gau) arteko iraupena duten udalekuetara joaten direnak. Ez dira diruz lagunduko Mank-ek kudeatutakoak edo erakundeak berak dirulaguntza emanten direna, ezta txangoak, barnetegi erregimenean egiten diren kirol campusak edo herri-udaleku irekiak. 

Mank-ek 9.000 euro ditu helburu horretarako eta hartzaile bakoitzak, gehienez, 125 euro jasoko ditu. Dirulaguntza eskatu nahi dutenek irailaren 30era arteko epea izanen dute horretarako. Anai-arreba bat baino gehiago joaten badira udalekuetara tutoreek eskaera bakarraren bidez egin beharko dute eskaera. Haur eta gaztetxoen tutoreek laguntza eskatzeko eskabide ofiziala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horrekin batera, aitorpena idatzi helburu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. 

Gainera, honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: tutorearen nortasun agiriaren fotokopia, udalekura joan denaren errolda-agiria, udalekuari buruzko ezaugarriak zehazten dituen dokumentua (antolatzaileak izenpetua edo publizitaterako erabili den euskarria), udalekua antolatu duen entitateak izenpeturiko asistentzia-egiaztagiria eta eskatzaileak udalekuaren gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria(k).

Agiri horiek guztiak ibarreko erakundeak Lakuntzan duen egoitzan aurkeztu behar dira, edo haren egoitza elektronikoaren bidez bestela. Zalantzak argitzeko euskara1@sakana-mank.eus helbidera
idatzi edo 948 464840 telefonora hots egin daiteke. Dirulaguntza jasotzeko eskatzaileek bete beharreko baldintzak ere badaude. Batetik, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaslea izatea. Bestetik, Sakanan erroldatua egotea. Gainera, Mank-ekiko zerga betebeharrak ordainduta izan beharko dira.