Dagoeneko ez dira herriko alminteak Alejandro Galartza Zelaia Bakaikun (aspaldi) eta Santi Agirre Galartza Iturmendin (abendutik). Hala ere, lankideengan arrastoa utzi dute eta, horregatik, asteazkenean aitortza egin zieten. Harreman onaren seinale, garai batean herri bateko edo besteko elkartean gosaltzera elkartzen ziren udal langileak. Halakorik aspaldi ez zuten egin eta ohitura asteazkenean berreskuratu zuten.
Galartza eta Agirreren lankide ohiek eskerrak eman zizkieten “elkarrekin lan egin dugun denboragatik, izan ditugun une gozo eta garratzengatik baita une motel eta gaziengatik ere!” Udalen lanean izan ziren bitartean “elkarrekin egin ditugun barre eta negarrengatik, adiskidetasun eta elkarrenganako konfiantzagatik, eta, noski, elkarrekiko haserre eta desadostasunengatik ere bai!” ere topa egin zuten. Azken batean, “bizitza pertsonala osatzen duten une eta denbora honengatik guztiagatik” eta lan erretiroa hartu duten Galartzari eta Agirreri lankide ohiek opa zieten “oso merezia duzuen bizitza luzea izatea, zuendako eta zuen kuttunendako”. Besarkadak izan ziren eta “ahazten ez zaituztegun lagun gisa gogora gaitzazuen” eskatu zieten biei bi udaletako lankide izandakoek.
Gaur egun bi udaletako alminte postuak behin behinean beteta daude babestutako gizarte enpleguaren bidez. Udalek lanpostua betetzeko deialdia egitea aztertzen ari dira.