Egunak joan, egunak etorri greban dauden garraiolariak “gero eta indartsuago” daudela diote. Azaldu dutenez, Nafarroako autonomo eta enpresa txiki eta ertain guztiak geldirik daudela. Ikusten diren kamioiak patronalarenak edo atzerrikoak dira.
Zeintzuk zarete geldirik zaudeten kamioilariak?
Ni autonomoa naiz eta kamioi bat dut. Aitak eta osabak enpresa bat dute eta bi kamioi dituzte. Lege kontuengatik sozietate mugatuak dira. Halakoek gehienez hiruzpalau kamioi dituzte.
Errepidean ikusten diren kamioiak?
Europarako bidean doazenak atzerritarrak dira. Hau Europarako txurrutela da, eta hemendik egunero makina bat kamioi pasatzen dira, baina orain askoz ere gutxiago pasatzen ari dira. Bestela kamioi flota handiak dituzten enpresenak. Nafarroan hiru enpresek dituzte kamioi asko. Esaterako, ehun kamioi dituzte, baina, esaterako, haiendako lanean dauden 60 autonomo dituzte. gidari autonomo horiek ere geldirik daude. Aitak beti esan dit grebak edo geldialdiak beti iparraldean egin direla: Galizian, Katalunian, Euskal Herrian… Azkenean, hegoaldetik etortzen dira eta lan egiten dute. Orain egia da behean hasi dela, gehiago eta hornidura falta handiago dago. Esaterako, Andaluziatik ez da frutarik ateratzen. Orain poliziarekin eta konboiak antolatzen ateratzen ari dira. Beti badago autonomoren bat lan egiten duena, baina hemen autonomo eta enpresa txiki eta ertain guztiak geldirik gaude. Hori oso ona da. Indarra daukagu.
Nola iritsi zarete egoera honetara?
Guk gelditzea erabaki genuen, bai, baina gobernuaren erruz iritsi gara egoera honetara. Nik familia dut eta niri ez zait gustatzen jendeak ez izatea jatekorik, komuneko paperik… Horregatik barkamena eskatzen dut. Baina gobernuari eskatzen diot sortu den plataformako kideak entzutea, gurekin elkarrizketa izatea. Zer nahi dugun jakiteko deitu ere ez digute egin. Ez dakite zer nahi dugun. Autonomoak eta garraio enpresa txikiak hizketakide gisa onartzen bagaituzte greba bukatuko litzatekeela uste dut. Enpresa handien ordezkariekin bildu dira. Duela 30 urte muntatu zen sistema bat da hau. Federazio handi horietan autonomo asko gaude, baina denak ateratzen ari dira. Nafarroan horietatik desmarkatu gara, ez dira baliozko hizketakideak.
Estatu mailan elkartu zarete borroka honetan, garrantzitsua da hori?
Bai. Aitak 65 urte ditu eta berak esan dit halakorik ez dela sekula egin. 2008an greba handi bat egin zen, baina ni orduan ez nintzen kamioilaria. Kanpotik bizi izan nuen. Aitak esan dit aurretik grebak eta aldarrikapenak egin direla baina orain lortu dena ez zela lortu: jendea, autonomo guztiak, gelditzea.
Zer eskatzen duzue?
Lehenengo eta behi gobernuaren baliozko hizketakide izatea. Bestetik, otsailean nire kamioiarekin lan egin dut eta nire bezeroak nik egindako lana ordain diezadake 90 eguneko atzerapenarekin, lana egin eta hiru hilabetera. Nik bitartean ordaindu behar ditut: kamioia erosteko hartutako hipoteka, autonomo zerga, gasolioa, gurpilak… Hori hilero aurreratu behar du, kobratu arte. Esate baterako, nik hilabete batean 10.000 euro fakturatzen baditut, diru hori hemendik hiru hilabetera kobratuko ditut. Bitartean gastuak nire poltsikotik ordaindu behar ditut. Egindako garraioagatik 30 egunera ordaintzea nahi dugu eta, horretarako, lege bat egitea.
Beste zerbait eskatzen duzue?
60 urterekin jubilatzea. Bankuetan lan egiten dutenak, meatzariak… 60 urterekin jubilatzen dira lanbide askotako langileak. Lanbide hau arrisku handikoa da. Egun guztia errepidean ematen dugu, gidatzen. Nekatzen zara. Ikusmena ere adinarekin galtzen da. Lan gaixotasunak ez ditugu aitortuak. Bestetik, errepidean kamioiarekin istripu bat baldin badut, ez da lan istripua, trafiko istripua baizik. Esate baterako, nire familiari lan istripu bategatik 100.000 euro ordaindu beharko balizkiote, trafiko istripuagatik aseguru etxeek baloratu dute hiltzea dela, esaterako, 50.000 euro. Hori beste aldarrikapen bat da. Gainera, zerbitzu gune seguruak eskatzen ditugu. Jendea Espainiara doa eta zaindutako aparkaleku batean ez baduzu lo egiten, egoteagatik 30-50 euro ordainduz, badaude lekuak lorik ezin duzuna egin. Lapurtzen dizute, leihoa apurtu eta sartzen dira… Guri lapurtu nahi izaten digute, edo daramagun karga berezia. Eta batez ere duintasuna da eskatzen duguna. Azkenean, zapaldu egiten gaituzte. Kamioi hori traban dagoela! Traban dagoen kamioi horrek zuk jango dituzun elikagaiak ekartzen ari da. Aitortza nahi dugu. Jendearena baino kargatzen dutenena. Norabait joan eta itxoin, itxoin, gosaltzera noa.
Enpresetan zain egon beharra?
Lantegietan zain egotea, bi edo bost ordu, hori ere guretako lana da. Takografoa eta lanaldi bat dugu. Egunean bederatzi ordu baino gehiago ezin dituzu gidatu. Hori ongi dago. Ni 09:00etan lanean hasten banaiz, 15 ordu pasata kamioia gelditu behar dut. Berdin dio kargatuta edo deskargatuta dagoen kamioia. Ni lantegi batera joaten banaiz eta sei ordu zain egoten banaiz, hamabost ordutatik sei galdu ditut. Gero bazkaldu behar dut, geldialdiak egin behar ditut… Denbora asko itxaroten baldin bazaude egunari ezin diozu errentagarritasunik atera. Horregatik eskatzen dugu ordu batetik aurrera pasatzen bada, orduko kopuru bat guri ordaintzea.
Horrek estresa eraginen du, ezta?
Bai, nik bezeroari zama eraman behar diot, berak ez daki zer gertatu zaidan, takografoa eta beste.
Gasolioaren prezioa jaistea eskatzen duzue?
Ez. Guri berdin zaigu. Guk badaukagu formula bat zeinaren bidez gure bezeroari eragin diezaiokegun. Sei hilero edo urtero prezioa berrikusi dezakezu. Aurrekoan ikusi nuen gauza bat: Amazonek Sevillatik Bartzelonarako bidaia bategatik 2.100-2.200 euro ordaintzen ditu. Prezio ona da, Amazon, bigarren motako merkantzia duena. Baina garraioa egiten duen garraiolariari benetan zenbat iristen zaion badakizu? 700, 800 edo 900 euro. Gainontzeko dirua “bidean” gelditzen da, hau da, egun hauetan gobernuarekin negoziatzen ari direnen eskutan gelditzen da. Ez dute ezta kamioi bat.
Hori ulertzea kostatzen zaigu, ez?
Niri ere kostatzen zait. Bitartekariekin ari dira eta ez garraiolariekin. Sektore guztietan gertatzen da hori. Guk ez dugu nahi ministra horrek dimititu dezala, beste bat berdina edo txarragoa jarriko dute. Garraio sistema aldatzea nahi dugu. Duela 30 urtekoa dago indarrean eta zaharkituta dago. Ez du balio.
Protesta egiten segitzen duzue.
Aurrekoan Iruñean kolapsatu genuen. Errail batetik joaten ginen, bestetik autoak pasatzen ziren. Bakoitza bere martxan. Asteartean 300 kamioik martxa egiteko eskatu genuen eta 150 bat utzi ziguten. Badakigu jendeari traba egite diogula, baina, Iruñean kamioiarekin, jendeak nola txalo egiten duen. Dena ez daki, baina jendeak gertatzen dena ulertzen du. Komunikabideendako joan den astean delitu egile hutsak ginen, eskuin muturrekoak, telebistan gurpilak zulatzen agertzen zen… Telebistan ez da agertuko Alcala de Henaresen (Madril) kalez jantzitako polizia bat zegoela eta kasualitatez garraiolari batek pistola kendu zion, funda kendu, segurua kendu eta tiro egin zuen, kasualitatez, tiroa garraiolariak hartu zuen. Hori telebistan ez da ateratzen. Pikete batean kamioi batek emakumezko bat harrapatu zuen eta hori ere ez da atera. Basatiak hau eta beste garela ateratzen da. Badakizu, telebista. Baina aldatzen ari dira.
Geldialdia mugagabea da?
Denak zentzu berean ari gara eta, bai.
Zein izango da lanera itzultzeko gutxieneko akordioa?
Gure ordezkariak gobernuarekin elkartzea pauso bat izan daiteke. Kontziente gara ez dugula dena lortuko. Baina ez dugu orain arte bezala promesak egin eta… Abenduan patronalak geldialdia egin behar zuen. Aitak esan zidan ez zela ezer egonen, elkarrekin moldatuko zirela: “lau gauza emanen dizkiete eta ez zaigu ezer iritsiko”. Hori gertatu zen. Gure geldialdia martxoaren 14an zuen hasiera data, baina ez dakigu noiz bukatuko den.
Gobernuak iragarri du 500.000 milioi euro emanen ditu gasolioaren prezioa jaisteko. Zuendako zer da hori?
Jendearendako saldu dute; esanen dute: prezioa jaitsi diete eta ez dituzte kamioiak arrankatzen! Dirutza hori subentzio bat da, nik ez du dirulaguntzarik nahi. Nire negozioa ez da dirulaguntza batean oinarritzen. Diru horretatik badakizu zenbat iritsiko zaidan niri? 500.000 euro horiek 250.000 kamioiren artean banatu behar dituzte. Kamioi bakoitzeko urteko 2.000 euro emanen dituzte. Hau da, hilabeteko 166 euro. Zuk uste duzu jendea 166 eurorengatik geldi dagoela? Jendea lanean dago eta bere poltsikotik 200, 300 edo 400 euro jarri behar ditu hilabete bukaeran. Denetarik dago. Nik ez daukat arazorik zuzenean bezeroekin ari naizelako. Baina geldirik nago bidegabea dela ikusten dudalako. Orain gasolioaren litroa bi eurotan dago. Laguntza horrekin gasolioagatik 1,95 euro ordaindu beharko ditut.
Protestan segituko duzue.
Astelehen, astearte eta asteazkenean informazio piketeak egiten genituen, errepidean jendea gelditzen eta esanez: deitu zure nagusiari, greban gaudela, guri elkartasuna adierazi… Gidari askori nagusiak lanera joateko esaten badio, ulergarria da. Asteazkenean foruzainak etorri ziren esanez informazio piketerik ezin zela egin. Bokatxekin atera ziren, gu guztiak identifikatu eta joan behar izan genuen. Mozal legeagatik errotonda batean pankarta batekin ezin gara jarri. Ezin dugu ezer egin. Horregatik ateratzen ditugu kamioiak kalean paseatzera. Ezin dut lanik egin, ezin ditut nire aldarrikapenak egin, ezin dut manifestaziorik egin… Manifestazioa egiteko hamar egun lehenago eskatu behar da. Eta gobernuak hitz egin gabe hamar egun izanen gaitu? Gobernuak mugimendu hau sortu duen Manuel Hernandezekin hitz egitea eskatzen dugu.