Pilota

Aaron Arbizuk afizionatuen azken partida jokatuko du gaur

Guaixe 2022ko mar. 25a, 10:50

Aaron Arbizu, afizionatuen torneo batean. LOBO ALTUNA

Sakanako Kontseilu Sozialistak pilota jaialdia antolatu du gaur, ostirala, 19:00etan Irurtzunen. Sarreretatik jasotakoa elikagai eta oinarrizko produktuen bankurako izango da

Aaron Arbizu Alberto atzelari etxarriarrak apirilaren 8an debutatuko du, Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan. Aspetik azaldu dutenez, Arbizuk Ezkurdia izango du bikote bere debutean, eta Elordi eta Martija izango dituzte arerio. Hiru pilotari sakandar, beraz. Jaialdia Promozioko Buruz Buruko final laurdeneko partida batek zabalduko du.

Hortaz, gaur, ostirala, Sakanako Kontseilu Sozialistak Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan 19:00etatik aurrera antolatu duen pilota jaialdia Aaron Arbizuk afizionatu gisa jokatzen duen azkena izango da. Retegi Bik eta Azpirozek Ongayren eta Lazkozen kontra jokatuko duten partidak irekiko du jaialdia, eta segidan Arbizuk Olaetxearekin osatuko du bikoa, profesional mailatik erretiratu berri den Bengoetxea VI.aren eta Bergeraren kontra aritzeko. Sarreretatik jasotakoa (10 euro) elikagai eta oinarrizko produktuen bankurako izango da.