Mendi lasterketak

Razkin eta Karasatorre, Jurramendiko gorenean

Guaixe 2022ko mar. 30a, 11:30

45 Kilometroko Traila Amaia Razkin uharte arakildarrak irabazi zuen eta 26 Kilometroko Trailean Eneritz Karasatorre bigarren sailkatu zen. Korrikalari sakandarrek sekulako maila izan zuten

Denboraldia hasi baino ez da egin eta gure mendi korrikalariak sasoi betean daudela agerikoa da. Martxoaren 19an 550 korrikalaritik gora bildu ziren Aiegin, Jurramendi Trail lasterketan aritzeko prest. Hiru proba zituzten aukeran: Jurramendi Txiki (12 Km), 26 Jurramendi (26 Km) eta 45 Jurramendi maratoia (45 Km), azken hau lehenengoz antolatu zena, 2.700 metro baino gehiagoko desnibel positiborekin. Tartean sakandar mordoxka zeuden, eta aipatzekoa da lan oso-oso ona egin zutela, emakumezkoek bereziki. 

Sakandarrek maila bikaina lortu zuten lehenengo aldiz jokatutako Jurramendiko maratoian (45 Km). Hasieratik Alvaro Ramosek kontrolatu zuen proba, baina 5 kilometroren faltan eta akats bat tarteko, Ramosek beste bide bat hartu zuen eta lehen postua eta denbora dezente galdu zuen. Borja Zubizarreta izan zen helmugara lehen iritsi zena, lau ordu pasa eta gero (4:20:13), eta emakumezkoetan Amaia Razkin Medrano uharte arakildarra izan zen txapelduna (5:37:25), kasu honetan sorpresarik eta akatsik gabe, hasieratik aurrean kokatu eta bost ordu eta erdiko lan gogorraren ondoren helmugara lehena iritsita. Bi minutu atera zizkion Sara Peña bigarrenari (5:39:28). 

Korrikalari gehienek 26 kilometroko Jurramendi Trailaren alde egin zuten. 305 korrikalarik lortu zuten proba gogorra despeditzea, eta kasu honetan ere, maratoian bezala, akats bat tarteko, aurrean zihoazen Iñaki Olano eta Xabi Zarranz nahasi ziren eta, azkenean, garaipena David Vidal kataluniarrak (2:34:03) lortu zuen. Aritz Munarriz etxarriarra izan zen lehen sakandarra, helmugan 26. postuan sartuta (3:00:41). Emakumekoetan hasieratik tarte handia lortu zuen Ainara Alcuaz iruindarrak (3:09:39). Eneritz Karasatorre Araña etxarriarra bigarren sailkatu zen (3:27:32). 

Proba laburra, Jurramendi Txiki, 160 korrikalarik osatu zuten. Guztien artean Gaizka Arbizu gailendu zen (59:11). Aimar Araña etxarriarra Top-Tenean sailkatu zen, 10. sailkatu baitzen (1:04:55). Emakumezkoetan, Maialen Muñoz izan zen azkarrena (1:09:31), sailkapen absolutuan 22., eta Elena Guzman altsasuarra sailkapen absolutuan 123. postuan helmugaratu zen (1:37:35). 

Salgado Espainiako Ultra Trailean
Martxoko azkenaurreko asteburuan Espainiako Ultra Trail Txapelketa jokatu zen Quesadan, Sierra Cazorla Trail, 70 Km eta 4.000 metroko desnibel positiboa zuen proba gogorra. Joxean Salgado beterano altsasuarra bigarren sailkatu zen beteranoen mailan.  


Sakandarrak Jurramendi Trailen
45 km
Gizonak
1.Borja Zubizarreta 4:20:13
9.Jose Luis Beraza 5:01:03
17.Ander Unzurrunzaga 5:28:19

Emakumeak
22.Amaia Razkin 5:37:25

26 km
Gizonak
1.David Vidal 2:34:03
26.Aritz Munarriz 3:00:41
54.Mikel Satrustegi 3:14:17
92.Joseba Galarza 3:28:03
164.Joxeja Maiza 3:52:33
226.Goyo Rodriguez 4:11:17
229.David Oroz 4:12:59
247.Ander Iraizoz 4:16:57
259.Iban Martin 4:22:44
283. Asier Leiza 4:49:43
290.Txema Urroz 4:58:03

Emakumeak
45.Ainara Alcuaz 3:09:39
88.Eneritz Karasatorre 3:27:32
196.Marta Irañeta  4:02:27

12 km
Gizonak
1.Gaizka Arbizu 59:11
10.Aimar Araña 1:04:55

Emakumeak
22.Maialen Muñoz 1:09:31
123.Elena Guzman 1:37:35