Duatloia

Martin Eslava eta Sara Modrego azkarrenak Altsasuko Duatloian

Guaixe 2022ko mar. 28a, 12:00
Gizonezkoeen irteera.

Eukeni Goikoetxea altsasuarra bosgarren sailkatu zen, eta erreleboetan Xabier eta Javier Borrega gailendu ziren

Larunbat arratsaldean jokatu zen Sakana Triatloi Taldeak antolatutako XI. Altsasuko Duatloia. Altsasuko proba sprint distantziakoa zen (5 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika) eta izena emana zeuden 90 duatletetatik 82k hartu zuten irteera, Foru plazan. 

Altsasuko herri gunean antolatutako zirkuituari bi bira eman eta gero, Iortia Kultur Gune aurreko plazan kokatuta zeuden boxetan bizikleta hartu eta txirrindularitza tarteari ekin zioten partaideek. Altamira igoera bat eta Zegamako Ortzaurteko bentaraino joan etorria zuten aurretik. Alberto Diaz arabarra izan zen lehen korrikaldian aurrean kokatu eta boxetara heltzen lehena, Martin Eslava nafarrari 9 segundo aterata. Eslavak bizikleta bere indargunea dela erakutsi zuen –bere garaian Lizarte taldeko txirrindularia izan zen–, eta hor hasi zen tartea ateratzen. Korrikako azken tartera aurretik iritsi zen Eslava, 39 segundoko aldearekin, eta azken korrikaldian distantzia ongi kudeatu eta gero, bakar-bakarrik iritsi zen Altsasuko plazako helmugara (1:07:01), Alberto Diazi 13 segundo aterata (1:07:14). Miguel Ruiz izan zen hirugarren (1:07:27). 

Sakandarren artean Eukeni Goikoetxea izan zen finena, altsasuarra bosgarren iritsi baitzen helmugara (1:07:59). Korrikalariak bizikletan ere trebea dela erakutsi zuen. 

Emakumezkoei dagokienez, Saltoki Trikideak taldeko Sara Modregok eta Cafés Forondako Diana Vecillasek lehia estua izan zuten. Gizonezkoetan gertatu bezala, Vecillas izan zen azkarrena korrikako lehen eremuan, baina bizikletako tartean Modregok aurrea hartzea lortu zuen eta gainontzeko lasterketa ongi kudeatu zuen, helmugara bakarrik iritsiz (1:15:41). Vecillas bigarren sartu zen (1:16:07) eta Saltoki taldeko Claudia Samitier hirugarren (1:24:14). 

Errelebotan borregatarrak nagusi
Errelebotan hamar bikotek hartu zuten parte, hogei partaidek, eta azkarrenak Xabier Borrega eta Javier Borrega izan ziren (1:10:30). 

NKJtan sakandarrak bikain
Altsasuko Duatloiko proba nagusia arratsaldez jokatu zen, baina goizean Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen Altsasuko Duatloia jokatu zen Txioka ikastola inguruetan, kategoria txikiko probak. Ehun kirolari inguru lehiatu ziren eta Sakana Triatloi Taldeko neska-mutilak bikain aritu ziren. 

Mutilen benjamin mailan Anai Mazkiaran gailendu zen, eta mutilen kimuen mailan Unax Mazkiaran bigarren iritsi zen helmugara. Nesken haurren mailan Eider Mazkiaran bosgarren sailkatu zen eta mutilen haurren mailan Aratz Mendoza podiumera igo zen, hirugarren sailkatu baitzen. Bere taldekide Oihan Andueza bosgarren sartu zen. Bukatzeko, mutilen kadeteen mailan Mikel Arrizabalaga seigarren sailkatu zen. 


Sakandarrak XI. Altsasuko Duatloian
Gizonak:
1.Martin Eslava 1:07:01
5.Eukeni Goikoetxea 1:07:59
12.Iñaki Alvaro 1:10:44
18.Juan Carlos Gomez 1:12:21
19.Juan Luis Maiza 1:12:23
26.Isidro Asurabarrena 1:15:04
27.Jose Ignacio Mikeo 1:15:52
31.Juan Martinez 1:16:18
48.Jorge Iradi 1:23:46

Emakumeak
1.Sara Modrego 1:15:41

Erreleboak
Gizonezkoak-emakumezkoak:
1.Xabier Borrega-Javier Borrega (Bor) 1:10:30
8.Gorka Anguiano-Alejandro Pain (Titoak) 1:20:58

Mistoak
1.Iker Eskibel-Maite Urteaga (Maiker) 1:13:39
2.Xabier Mauleon-Leire Estarriaga (Ufesa) 1:17:00

*Oharra: Sailkapenean ez zen duatleten jaioterrien berri ematen. Gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea. 

Erlazionatuak

Duatloilariak Altsasun

Guaixe 2022 mar 21 Altsasu