Eguraldi lainotsua eta grisa izan dugu, udaberriaren eguzki izpi leunik gabea. Halaxe datozkigu Europako ekialdetik albisteak. Emakumeak eta haurrak ihesi, haien senideak eta bonbek txikitutako etxeak atzean utzita, milioika. Sotoetan ezkutaturik, goseak, egarriz eta hotzez, egoera negargarrian, milioika. Begirik gabeko tiroek eta bonbek eragindako hildakoen hilotzak. Gizateriaren aurkako sarraski gupidagabea, tristea.
Errusiar tankeak era beldurgarrian Ukrainan sartzen hasi zirenetik, guztiok ustekabean harrapatuta, bi bandoren deskribapen zehatza eman digute hedabideek: bata, ukrainarrena, herri okupatua eta bere burua defendatzeko prest dagoena; bestea, errusiarrena, Putinen aginduetara ukrainarrak sarraskitzeko gai dena. Pelikula belikoetan ohituta gauden bezala, onak eta gaiztoak. Hedabideen bonbak, gezurrak eta hilotzak, albisteen manipulazioa. NATO/OTAN erakundearen hedapen gosea. Estatu batuarrek Errusiako mugan misilak ezartzeko gogo bizia eta harrokeria. Donetski eta Luhanski estatutu politikoa aitortzeko Minsk bake hitzarmena ez betetzea eta autodeterminazio adierazpena. Donbassko gerra. Laburbilduz, erro sakoneko gatazka konplexua ezin da on/gaizto ekuazioaren bidez azaldu, ez behintzat era gizatiar batean. Putinek eta Zelenskik inteligencia militar delakoaren filosofia segitu dute. Ondorioa: porrota demokraziarentzat, justizia sozialarentzat eta gizateriarentzat.
Orain, inteligencia militar estrategia lehenetsita, sahararrei ostikoa eman dien Madrilgo presidenteari, Ukrainako gatazkaren itzalean, bururatu zaio armada eta militarismoa sustatzea urtero milaka milioi mordoa armagintzara bideratuz, NATO/OTAN erakundearen ingurumarian diseinatutako egitasmoari segituz. Alabaina, munduak ez du arma gehiagorik behar. Ez litzateke etorkizuna proiektatu beharko militarismoa oinarri hartuta, Errusia eta Europaren artean hesi iragangaitza eratuz, Estatu Batuetako inperialismoa Europan are gehiago hedatuz, eta abar. Horren ordez, filosofia soziala, demokratikoa eta gizatiarra beharrezkoak dira. Hori esanda, proposatutako milaka milioiko dirutza horiek egokiago lirateke osasungintza, ekonomia jasangarria, eta justiziaren eta bakearen kultura sustatzeko baliatuko balira; izan ere, gure kaleak ere bero daude gerra horrek eragin dituen kalte ekonomikoen ondorioz.