Zaintza zer ez den aipatzen ibili izan gara egun hauetan. Baina zer da zaintza? Sistema hau kapitalaren eta haren interes politiko eta ekonomikoen mesedetan antolatuta dagoenez, zaintza sistema guztia iraultzea da, goitik behera aldatzea. Egun, sistemaren erdigunean kapitalak ahalik eta etekin handiena ateratzeko beharrezkoak dituen jarduera guztiak kokatzen dira. Eta periferian bizitzak sostengatzeko ezinbestekoak diren zaintza lanak. Are ikusezinago zaintza lanak zein hauek burutzen dituzten emakumeak*. Periferian egoteak bizitzak guztiak zainduak ez izatea adierazten du, bakoitzaren baliabide ekonomiko eta sozialen menpe geratzen baitira. Honegatik diogu sistema hau biozida dela gehiengoaren bizitzen kontra egiten duelako modu zuzenean, bizitzarekin talkan kokatuz. Gainera emakume* izate hutsagatik ezkutukoak eta prekarioak diren lan erreproduktiboak egitera behartuak izan gara emakume* eta neska* gazteok. Zaintza langileen lan eskubideak errespetatu eta bermatzea da, baita etxeko lanen ardura zure gain hartzea, edota zure harremanak balioan jartzea. Zure komunitateaz arduratzea eta inplikatzea, harremanetan erantzukizun afektiboa izatea, espazio seguruak sortzea, eta batzuetan isiltzen jakitea ere bai.
Interdependenteak garela ulertu behar dugu, bizitzeko besteen beharra dugu, eta horretarako denon artean garatu behar diren jarrera indibidualistak alboratu behar ditugu, nahiz eta azken aldian ematen ari diren joera neoliberalek kontrakoa proposatu. Beraz, bizitzak eta euren zaintzak erdigunean jartzea, sistema guztia iraultzea dakar, bizitza merkatuaren beharretara antolatua egotetik dute beharren arabera antolatzera igaroko litzatekeelako. Hori dela eta, apustu horretan berresten gara, zaintza delako hauturik iraultzaile eta errebeldeena. Gaur egungo sistemarekiko alternatiba integrala.