Bazterretik

Bizipenei buruz

Erabiltzailearen aurpegia

Arteari buruz hitz egitean beti izan da zalantza bat. Artista eta haren lana gauza berdina da? Epaitu daiteke bata bestea gabe? Artista honen lanaren kritika osatu dezakegu artista kontuan eduki gabe? Gai da artista, edo are gehiago, egin daiteke lan artistiko bat lan horretan norberaren aztarnarik utzi gabe? Ba ez, ezin da. Gure egoera orokorraren esklabu gara eta nahi gabe eta maila inkontziente batean beti proiektatzen dugu gure funtsa edozein lan kreatiboan. Lan hau gure seme-alaba balitz bezala.


Beraz, zalantza argitua. Hortaz, nire lana bukatu da hemen. Aste bukaera ona izan eta hurren arte!


Zer diozue? Honek komikiekin zer ikusirik ote duen? Komikietan goian azaldutakoa oso argi ikusten da. Istorio bat idazterako garaian, eta gero marrazkietan irudikatzean, badira are eta urrunago doazenak. Haien lanak egiazko bizipenetan oinarritzen dituzte. Komikiak autobiografiak edota erreportajeak bihurtzen dira autore haien eskuetan.


Joe Sacco estatubatuarra gerra lurraldetan egon da, han bizitako historia latzei buruz idazteko. Kazetaritza ikasi zuen, baina komikigintza maite zuenez bi lanbideak batu ditu. Haren komiki famatuena "Gorazde: zona babestua" da. Palestinako gertaerei buruz hitz egiten du. Baina Yugoslavia eta Bosniari buruz argitaratu du baita ere.

Guy Delisle kanadiarrak bere bizitzari buruz hitz egiten du bere lanetan. Guyk marrazki bizidunak egiten lan egiten du eta horren ondorioz Chinan eta Ipar Korean egon zen lanean. Han bizitakoa bi komikitan argitaratu zuen gero. Gero haren abentura handiena pairatu zuen: aita izan zen. Azken bizipen honi buruz "Aita okerraren gida" argitaratu zuen.


Hemengo autore hauek adibide bat besterik ez dira eta ez dugu zertan Amerikara joan behar gehiago aurkitzeko. Ez dut xehetasunetan sartzeko tokirik, baina bilatu Alfonso Zapicoren "La balada del Norte" edo "Los puentes de Moscu". Zuen gertuko liburutegira jotzea gomendatzen dizuet. Zuen kabuz komiki zoragarri hauek aurkitzera gonbidatzen zaituztet, lagunok.