Txirrindularitza

Emakumeen Nafarroako Klasikoaren lehen etapa Sakanan jokatuko da

Guaixe 2022ko mar. 30a, 12:00

Maiatzaren 10ean jokatuko da Irurtzunen hasi eta despedituko den etapa, La Peluso ibilbidea oinarri duena. Munduko txirrindulari onenak izango dira gurean

Atzo, asteartea, Emakumeen UCI World Tour mailako Emakumeen Nafarroako Klasikoa aurkeztu zuten Nafarroako Kirolaren Etxean. Horrela, emakumezko txirrindulari onenak lehiatuko dira bertan, 21 talde guztira, horietatik 6 UCI World Tour mailakoak, Movistar Team taldean. Gehienak talde atzerritarrak izango dira, Movistar Team, Bizkaia-Durango, Laboral Kutxa, Sopela eta estatuko beste batzuk izan ezik. 

Ekitaldian, besteak beste, Nafarroako Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaola, Emakumeen Nafarroako Klasikoko zuzendari Miguel Sabalza, Nafarroako Gobernuarekin batera probako babesle nagusia den Laboral Kutxako Maitane Bueno, eta txirrindularitzari eta kirolari lotutako beste hainbat ordezkari izan ziren, Movistar Team taldeko manager Eusebio Unzué tartean. Kontseilariak adierazi duenez, “horrelako lasterketek aukera ematen diete Nafarroako zaleei eta txirrindulariei elitearekin harremanetan jartzeko, eta Nafarroako Kirolaren Institutuarentzat erreferenteak funtsezkoak dira gure gizartean, eta horretan lan egiten dugu kirol politika publikoen funtsezko zati gisa”. 

Emakumezkoen Nafarroako Klasikoak bi etapa ikusgarri izango ditu. Lehen etapa Arakilen eta Irurtzunen jokatuko da, maiatzaren 10ean (137 km, 2.700 metroko desnibel positiboa)). Hain zuzen ere, hiru egun lehenago Irurtzungo La Peluso txirrindularitza martxak egingo duen ibilbide berbera egingo du etapa honek, Irurtzundik abiatuta Goñi, Ultzurrun, Zuarrarrate, Uitzi, Usategieta, Saldias-Orokieta, Beruete, Zuarrarrate eta Irurtzun batuko dituena, zortzi mendate tartean. Aurkezpenean adierazi zutenez, etapa menditsu honekin La Peluso martxari aitortza egin nahi zaio eta horrekin batera “Movistarreko egungo egitura osatzen duten lehendabizikoei omenaldia eginen zaie”. 

Bigarren etapa Iruñean hasi eta despedituko da, maiatzaren 11n (124,8 km). 

Emakumezkoen Nafarroako Klasikoan azken bi edizioetako txapeldun Annemiek Van Vleuten holandarrak parte hartuko du, hirugarren torneoaren bila. Aurkari gogorrena Mavi Garcia izango du (UAE Team ADQ), joan zen urtean bigarren sailkatu zen Espainiako txapelduna.