Txirrindularitza

Sakana Group, Uzarragako Igoerako talderik onena

Guaixe 2022ko mar. 31a, 13:00

Sakana Group-Aralarrek jubenilen mailako Antzuolako XLVIII. Uzarragako Igoerako talde onenaren saria jaso zuen. ARALAR TXIRRINDULARI TALDEA

Jubenilen Antzuolako XLVIII. Uzarragako Igoeran Mikel Unzilla bigarren sartu zen eta Aimar Tadeo hirugarren, Mikel Arrasa txapeldunetik 7 segundora. Kadeteetan Quesos Albenizko Iker Gomezek irabazi zuen El Caserio Valsay Trofeoa

Soilik etapa borobiltzea falta izan zitzaien. Larunbatean XLVIII. Uzarragako Igoera ezaguna jokatu zen, Antzuolan hasi eta Uzarragako Gainean despeditzen den 70 kilometroko juniorren mailako proba gogorra. Duen prestigioari jarraiki, lasterketak parte hartze ikusgarria izan zuen, 153 txirrindulari sailkatu baitziren. Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Unzilla eta Aimar Tadeo sorpresa ematekotan izan ziren, Mikel Arrasate (Cafe Dromedario) txapeldunetik (1:40:52) zazpi segundora sartu baitziren biak, bigarren Unzilla eta hirugarren Tadeo. Taldeka Sakana Group-Aralar taldea izan zen onena. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aritz Oiarbide (Sakana Group) 52. sailkatu zen, Adrian Martinez (Sakana Group) 55., Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 56., Manex Zufiaurre (Sakana Group) 80., Alex Lopetegi (Sakana Group) 128., Unai Garro (Sakana Group) 138., Jon Koldobika Urrosolo (Sakana Group) 148. eta Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 152. 

San Jose Saria, Azpeitian
Igandean juniorren mailako tropela Azpeitian lehiatu zen, XXXIX. San Jose Sarian (77 km). 104 txirrindulari sailkatu ziren eta Alimco-Campagnolo taldeko Oscar Fuentesek eta Atracciones Sanz taldeko Iker Zabaletak jokatu zuten garaipena, esprintean (2:12:07). Fuentes gailendu zen. Mikel Uncilla Top-Tenean sailkatu zen bosgarren izan baitzen, 16 segundora. 

Adrian Martinez 39. sartu zen, Aimar Tadeo 43., Asier Etxeberria 51., Iker Agudelo 59. eta Aritz Oiarbide 61. Iker Agudelok eroriko gogorra izan zuen eta denbora tarte bat lasterketetatik kanpo egon beharko du. 

Iker Gomez El Caserio Valsay Trofeoko txapeldun
Larunbatean kadeteen mailako lehen lasterketa jokatu zen Nafarroan, Tafallako El Caserio Valsay Trofeoa (53 km). Quesos Albeniz taldeko Iker Gomezek sekulako lasterketa egin zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:20:31). Lau segundora Aitor Igoa (Erro y Eugui) sartu zen. Garaipenarekin batera Gomezek mendiko trofeoa irabazi zuen. Talde onena Erro y Eugui-Muruzabal taldea izan zen. Guztira 75 txirrindularik osatu zuten proba. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ion Aierbe (Quesos Albeniz) zazpigarren sailkatu zen, Oihan Gorriti (Sakana Group-Aralar) 37., Ekain Imaz (Quesos Albeniz) 44., Eñaut Oiarbide (Sakana Group) 49., Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 53., Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 58. eta Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 69.