Astekaria

"Espazio hau topaleku bat da"

Guaixe 2022ko api. 4a, 14:01

Haurrak Ihabarko kontzeju etxean egokitutako gelan jolasten. UTZITAKOAK

Martxoaren 14az geroztik, astelehenero, 16:30etik 18:30era, Ihabarko kontzejuak Jolas Librea Familian ekimena hartzen du. Amaia Zabaleta Lagunasek, talde eragileko kideak, eman ditu azalpenak. 

Arakilen 0 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiendako elkargunea sortu dute, familian partekatzeko eta ibarrean sareak ehuntzeko.

Noiz sortu zen ideia? 
Joan den urte akaberan sortu zitzaigun, hotzaren etorrerarekin. Egoera horretan, haurrek ez dute jolasteko eta arratsaldeak pasatzeko leku babesturik.

Nola sortu zen ideia?
Esan bezala, hotz eta euri egunetarako jolasleku bat izateko beharretik sortu zen ideia. Gainera, Zuhatzun bizi gara, gure seme Aranekin. Herrian ez dago bere adineko haurrik, eta zaildu egiten da eskolaren ondorengo arratsaldeetan beste familia batzuekin topo egitea. Ibarreko negua oso bakartia eta ez oso komunitarioa izanen zela sentitzen genuen, eta hutsune horiek betetzeko zerbait sortzeko beharra ikusi genuen. Etxean komentatuz, familian sortu zen.

Zergatik jolas librerako espazio bat?
Kataluniako herri batetik gatoz (duela urtebete etorri ginen hona bizitzera), eta bertan bizi izan genuen haziera kolektibo bat osatzeko esperientzia, zeinean jarduera nagusia 0 eta 3 urte arteko jolasgune libre bat baitzen. Egia esan, esperientzia zoragarria izan zen, eta familia askorendako lagungarria izan zen hazkuntzaren inguruko komunitate bat eraiki genuen amatasunaren lehen une haietan. Jolasgunea leku egokitua zen, haurrek askatasunez eta modu seguruan mugitu ahal izan zitezen, eta haien laguntzaileek (%95 amak) elkartzeko une bat izan zezaten, esperientziak partekatu ahal izateko, espazio publikoetan presente egoteko (hazteko lehen etapak asko bultzatzen baitu etxean mantentzera) eta, oro har, babesak aurkitzeko. Gure seme-alaben bizitzan bideratutako jarduera asko daude, eta gune asko, joan, utzi eta jarduera bat egin dezaten. Hau desberdina da, topaleku bat da. Espazio bat proposatu nahi da, material batzuk, eta guztion artean, helduak eta haurrak, gure proiektua eraikitzen joatea eta ibarreko familien artean sare bat ehuntzen joatea.

Zer pauso eman dituzue ideiari forma emateko?
Aldameneko emakumezko batek kontzejuaren aurreko batzarrera joatera animatu gintuen, eta han ideia aurkeztu genuen. Hasiera batean topaketa Zuhatzuko elkartean egitekoa zen, baina bilera horretan Ihabarko bizilagunek beren espazioan egitea eskaini ziguten, hobeto prestatuta baitago. Kultura zinegotziari eta teknikariari ere asko gustatu zitzaien ideia, eta laguntza ekonomikoa eskaini ziguten, materialetarako eta zabalkunderako. Hortik aurrera, talde eragilekoak geratu ginen espazioa ezagutzeko eta gauzak zehazteko, elkarrekin zerbait sortzeko gogoa eta ilusioa partekatzeaz gain.

Zein da orain artekoaren balorazioa?
Balorazioa oso ona izan da, jende asko etorri zen lehenengo eguna izateko. Gainera, euria ari zuen eta barrualdea aprobetxatu genuen. Beharrezkoak izan daitezkeen gauzak ikusteko eta proposamena hobetzen joateko ere balio izan zigun. Eguraldi ona egin zuen joan den astelehenean eta plazan egon ginen. 

Behin martxan jarrita, jende gehiagok parte hartzea espero duzue?
Zenbat eta pertsona gehiagorengana iritsi, orduan eta hobeto, eta guztien artean bailaran hainbeste helduk eta txikik ditugun beharrak jaso eta proiektuari forma eman.

Zer egin behar da horretarako?
Astelehenetan, 16:30etik 18:30era, Ihabarko kontzejuaren etxetik pasatzea bakarrik, izena eman beharrik gabe. Egun bat etor daiteke, batzuk, ez dago konpromisorik. Behin proposamena ezagututa, espazioa erabili daiteke edota antolakuntzan parte har daiteke. Gutako batzuekin hitz egin eta antolatzeko modua bilatu besterik ez da egin behar. Egia da proiektuari eusteko zoragarria izango litzatekeela jende gehiagok bat egitea talde eragilearekin. Gure esperientziak esaten digu talde sendo eta inplikatu batek gauza handiei forma eman diezaiekeela. Era berean, badakigu familia bakoitzak errealitate desberdinak bizi dituela, eta ez dugu espero denok modu berean inplikatzea; guretako oso garrantzitsua da bakoitzarekiko errespetua, bakoitzaren erritmoak eta bizi-unea. Laguntzeko beste modu bat, esate baterako, eguraldi onarekin beste herri batzuetan geraleku bat antolatzea izanen litzateke, guztien artean plazak betetzeko. Parte hartzeko eta inplikatzeko modu eta maila asko daude, beraz, batez ere, jendea proiektua ezagutzera etortzera animatzen dugu.