Hondarribian abiatuko da, gaur, astelehena, 61. Euskal Herriko Itzulia, 7,5 kilometroko erlojupekoarekin. UCI World Tour kategoriako munduko talderik onenen alboan UCI Pro Team talde xumeagoak arituko dira, Jorge Azanzaren Euskaltel-Euskadi, Rural Kutxa-Seguros RGA edo Kern Pharma talde euskaldunak, esaterako.
Tamalez Itzuliak ez du Primoz Roglicen eta Tadej Pogaçarren arteko lehia hartuko, Pogaçar ez baita arituko, baina horrek ez du esan nahi ikuskizuna egongo ez denik, Roglic, Alaphilippe, Evenepoel, Pello Bilbao, Enric Mas... faboritoen zerrenda luzea baita. Sakandarrei dagokienez, bi txirrindulari izango ditugu tropelean: aurten Kern Pharma taldearekin profesional mailan debutatu duen Igor Arrieta eta aurten Movistarrera itzuli den Gorka Izagirre. Imanol Erbiti Flandiako Klasikoetan lehiatzen egon da azken egunotan. Atzo, igandea, Ronde van Vlaanderenen lehiatu zen.
Arrieta eta Izagirre
Kern Pharmatik azaldu dutenez, Arrietak oso ongi prestatu du Itzulia –Sierra Nevadan egon da kontzentratuta–, eta sorpresaren bat emateko gai izango ote den da zale askoren jakinmina, O Gran Camiñon lasterketako gazte onena izan eta gero. Gorka Izagirreren lana Enric Mas taldeburua laguntzea izanen da, eta aukeraren bat izanez gero, aprobetxatzea.
Bihar, 12.15ean, Sakanara
Astearteko etapa Leitzan hasiko da, 12:15ean, eta Vianan bukatu. Itzuliko etaparik luzeena da (207,9 km), eta Sakanan Zuarratetik sartuko da, 12:45 inguru. Ondoren, tropelak Etxarri Aranatzeraino (13:25) egingo du aurrera, eta Etxarritik Lizarragako bidea (13:31) hartuko du, Lizarragako portua igo (13:43) eta Lizarraldean sartzeko. Itzuliko zuzendari tekniko Roberto Laisekaren iritziz, "ihesaldiak osatzeko etapa egokia" izango da.