Euskaltegitik Utzubar EKOgunera bisitan

Guaixe 2022ko api. 5a, 11:22

AEK-ko ikasleak konpost plantan azalpenak entzuten. @ItsasiEuskalteg

Euskara ikasle helduek ikasten ari diren hizkuntzan Sakanako hondakinen kudeaketaren nondik norakoak ezagutu zituzten. 

AEK-ko ia 60 ikaslek hizkuntza ulermena landu eta hizkuntza bera praktikatzeko aukera izan zuten euskaltegitik kanpo. Izan ere, ikasgelak utzi eta Utzubar EKOgunera joan ziren martxoaren 15ean. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko bi hezitzailek gidatu zituzten azpiegituretara egindako bisitan eta haien ahotik jaso zituzten transferentzia guneari, garbiguneari, industria hondakin ez arriskutsuen biltegiari, industria hondakin ez arriskutsuen hondakindegiari eta konponketa txokoari buruzko azalpenak.  

Euskaltegiko ikasleek materia organikoarekin konposta nola egiten den ikusi zuten. Baita ontzi arinak gabarratan nola kargatzen ziren ikusi, ondoren Azkoiengo Moratiel ontzien sailkapen plantara eramateko, birziklapenaren bidea segitzeko. Beste gabarra batzuetan errefusa kargatu eta  Tuterako El Culebrete hondakindegi eta biometanizazio plantara nola eramaten zituzten ikusi zuten. Jasotako papera eta kartoia prentsatik pasatuta paketetan nola pilatzen duten eta gero paketea Atarrabiako Solidus San Andres paper fabrikara nola bidaltzen dituzten ere ikusi zuten, han paper birziklatu bihurtzen dute. Hezitzaileek euskara ikasleei azaldu zieten garbigunera eraman behar diren hondakin bereziak zein diren, honakoak: jostailuak, altzariak, pilak, tonerrak, olioa, tresna elektrikoak, pintura zaharra, eta abar. Arbizuko hondakindegiaren kudeaketaren nondik norakoak ezagutu zituzten; zein hondakin sar daitezkeen eta hondakin horiek onartuak izateko ematen den prozedura. Azkenik, Hondakin Zerbitzuaren Konponketa Txoko berria ezagutu zuten. 

Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzutik Utzubar EKOgunea bisitatu izana eskertu dute. Horrelako bisitak errepika daitezen, gonbita luzatu nahi dugu. Sakanako erakunde, eragile, kultur talde eta edozein elkarte, AEK-ko ikasleak bezala etor zaitezkete UtzubarEKOgunea edo Altsasuko Garbigunea ezagutzera. Gogorarazi dutenez, “hondakinik onena sortzen ez dena da”. Bisitaren akaberan oroigarri gisa Sakanan bildutako materia organikoarekin egindako konposta poltsa bana eman zieten opari. 

Itsasi euskaltegitik adierazi zutenez, “mundu guztiak egin beharko lukeen bisita da; izan ere, gure hondakinak gure ardura dira”. Gaineratu zutenez, “gure etxeetan zaborra gutxitu eta ongi sailkatu behar dugu. Ondoren, bide bat egiten du zaborrak; ez da ‘artxila-murtxila’ desagertzen.