Korrikaren ondoren, mihia dantzatzeko aukera

Guaixe 2022ko api. 1a, 08:41
Aurreko batean mintzakideek Sarabe ezagutu zuten. ARTXIBOA

Igandean, 09:30ean, Altsasuko Bentalden dagoen Irubide jatetxetik abiatuko da hiru ordu inguruko ibilaldia. Sakanako Mintzakidek antolatu du, euskara praktikatu nahi dutenendako. Urdiain eta Altsasuko altxorrak ezagutzeko aukera izanen da oraingoan.

Larunbat goizaldean Korrikak Sakana zeharkatuko du. Eta astearte arratsaldean Arakil ekialdea. Euskararen alde lasterka egin ondoren, Korrikaren aurtengo Hitzekin leloa hartu nahi duenak aukera izanen du igandean. Euskaldun (pro)aktibo bihurtu eta euskara ikasten ari direnekin batera Altsasu eta Urdiaingo altxorretako batzuk ezagutzeko eskaintza egin du Sakanako Mintzakidek. 

Programa horren bidez euskara praktikatzeko aukera dute euskara ikasten ari direnak, bere inguruan hizkuntza praktikatzeko aukera ez dutenek edo ez erabiltzeagatik euskara herdoildu zaienei. Hizkuntza praktikatzeko sakandarrak lauzpabosteko taldeetan elkartzen ditu. Haietako batek ongi daki euskara eta bideratzaile aritzen da ikasten edo mihia askatzen ari diren gainontzeko taldekideekin. Taldeak astean behin ordu batez elkartzen dira euskaraz hizketatzeko. Taldekideek nahi duten tokietan izaten dira topaketak: tabernan, elkartean, paseatzen, bizikletan, zinemaren ondoren… Mintzakide izan eta euskara praktikatu nahi duenak 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali dezakete. Mintzakide programan izena ematea dohainik da. 

Herria Eguna Ordua Tokia
Irurtzun Asteartea 18:00 Iratxo elkartea
  Ostirala 09:00 Pikuxar
  Ostirala 19:00 Pikuxar
Lakuntza Osteguna 18:00 Tokiz txandakatzen da
Arbizu Osteguna 18:00 Juanito taberna
Etxarri A. Ostirala 19:00 Xapatero taberna
Iturmendi Astelehena (bi astean behin) 19:00 Aritzaga elkartea
Altsasu Astelehena 16:00 Koxka
  Osteguna 10:00 Kukuerreka elkartea
  Osteguna (bi astean behin. Euskalkia praktikatzeko) 20:00 Lezea
  Ostirala 09:00 Kaixo
Ziordia Ostirala 16:00 Liburutegia