Astekaria

Herritarrak administrazioan berezko hizkuntzan hizketatzeko eskubidearen alde

Guaixe 2022ko api. 6a, 14:01

Nafarroako euskalgintzako kideak eta Paul Bilbao mobilizazioaren aurkezpenean. KONTSEILUA

Euskalgintzaren Kontseiluak “herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat” aldarrikatzeko manifestazioa deitu du maiatzaren 7rako, larunbata, 17:30ean Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko dena.

Nafarroako administrazioan euskaraz aritzeko eta erantzuna euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko modu bakarra dago: nafarrei arreta euskaraz eskaintzea, hau da, langile elebidunak hartzea. Hala uste dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Euskaltzaleek kezkaz ikusten dute foru gobernuaren asmoa: “herritarren eskubideak erdigunean jartzen baditugu, nekez uler daiteke Nafarroan egungo Gobernuak daraman politika, ez dago ulertzerik proposatutako Merezimenduen Dekretua indarrean jartzea”. Araudia dagoen moduan onartuz gero, “herritarren eskubideei muzin egin eta bestelako interesei erantzuten dien araudia indarrean jarriko duela berretsi behar dugu”. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatuko diote “nafarrak administrazioan euskaraz aritzea bermatzeko hartu beharreko neurriak eta politikak gara” ditzala.

Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio baten bidez, lehenik eta behin, Nafarroan bere hizkuntza eskubideak aldarrikatzen dituzten eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak badaudela erakutsi nahi dute. Eta, bestetik, “geure burua gutxietsia ikusten dugula salatzeko, eskubideen kontra jotzen ari direla ozen oihukatzeko”. Horregatik, “gure eskubideen alde” manifestazioan parte hartzera deitu zuen Bilbaok, “geure eskubideak kontuan hartuko dituen politika indarrean jar dadin eskatzeko. Atzera egitearen aurka, aurrera egitearen alde”.

Dekretuaz 
Gobernuak bideratu nahi duen araudi berri horren bidez “ Nafarroako administrazioko hainbat lanpostutan ofizialak edo berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik jartzen da. Hain zuzen ere, ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen zaie. Hori eremu mistoan ez da inoiz gertatu” azpimarratu zuen Bilbaok. Bestelako asmoen aurrean, Kontseiluko buruak bertako eta berezko hizkuntzaren ezagutzaren balorazioa egiteko eskatu zuen.

Aurreko gobernuak emandako pausoak epaileek kamustu zituzten arren, “tamalez, Nafarroako Gobernuak orain auzitegiak onartutakoa ere ezabatu nahi du. Beraz, Merezimenduen Dekretu berriaren helburua ez da auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea”. Horregatik, euskaltzaleen iritziz, “gobernuak asmo osoa du euskal hiztunon eskubideak txokoratzeko”.

Bilbaok Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuko egoeraren diagnosia aipatuz, nabarmendu zuen foru administrazioaren lanpostuen %3ri baino ez zaiela eskatzen euskararen ezagutza; eta departamentu batzuetan, %2 baino gutxiagori. “Are gehiago, lau departamentutan
euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu batean ere. Horren hizkuntza eskakizun
eskasekin, euskararen ezagutzaren balorazioan jauzia egiten ez bada, euskaldunon gutxiespena
orokorra izanen da”. 

Euskararen ezagutza gero eta handiagoa den herrialdean Nafarroako administrazioak “ia sistematikoki urratzen ditu bere herritarren eskubideak”, esan zuen . Eta gogorarazi zuen guztiaren jatorrian “herritarren eskubideak eskualdekatzen edota zonifikatzen dituen araudian” dagoela.