Jasangarritasun teknikari izateko prestakuntza programa martxan da

Guaixe 2022ko api. 1a, 10:30

Andian larrea eta pagoak. ARTXIBOA

Bigarren edizioak Plazaola, Aralar, Bidasoa-Leurtza eta Sakana hartzen ditu. Lurralde horiek iraunkortasunaren eta klima aldaketara egokitzeko dituzten behar eta arazo errealetan jartzen du arreta programak. Eskualde horietako gazteek astelehenera arte eman dezakete izena.

Besteak beste Aralar, Andia eta Urbasa daude Nafarroa Ezagutu Sarean. Nafarroan natura gune babestuak kudeatzen dituzten entitate eta pertsonak biltzen ditu sare horrek. Bestetik, Naturclima dago, Bertiz eta Urbasa-Andiako natur parkeak kudeaketa jasangarria eta klima-aldaketara egokitzea helburu duena. Biek elkarrekin antolatu dute jasangarritasun teknikari izateko ikastaroa. 

Saretik azaldu dutenez, “natura ingurunearen aldaketa dinamika batean murgilduta dago, erabilera tradizionalak atzera egiteagatik, aisialdiko jarduera berrien presio handiagoagatik eta klima aldaketagatik”. Sareko kideen iritziz, gune horien kudeaketa jasangarria bermatzeko lanbide profil berri bat behar da: jasangarritasun teknikaria. Beraiek “gune horien kudeaketa jasangarria bermatzeko gai izanen dira, natura baliabidetik bere lurraldearen ingurura jasangarritasuna sustatuz. Natura guneen egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egingo dien profil profesional berria da”.

Horregatik, sareak jasangarritasun teknikari izateko aurrez aurreko prestakuntza ikastaroa antolatu du. Ikastaroa “lurraldean errotuta dauden gazteei” zuzenduta dago, ingurumeneko, landa inguruneko, ingurune soziokulturaleko edo enpresako esperientzia edo prestakuntza dutenendako. “Natura guneak ulertzeko ikuspegia eta modua aldatzeko gogoa duten pertsona aktiboak eta dinamikoak nahi ditugu, lurraldeak jasangarritasunerako eta klima aldaketarako prestatuko dituen paradigma berri bat ezarri ahal izateko”, azaldu dute antolatzaileek. Eta gaineratu dute ikastaroaren metodologia berritzailea izanen dela: “ikasleek proiektu errealak diseinatuko dituzte, zeharkako gaitasunak garatzera behartzen duten egoerak birsortzen dituzten talde funtzionaletan lan eginez”.

Ikastaroa apirilaren 20tik maiatzaren 31ra izanen da, 16:00etatik 19:30era, eta itzulera eta ebaluazio saio pare bat eginen dira garagarrilaren lehen astean. Saio gehienak, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan eginen dira eta beste batzuk lurraldean bertan eginen dira. Izena ematen dutenei %90eko parte hartzea eskatuko zaie. Izena emateko galdetegia bete behar da, epea astelehenean despedituko da.

Prestakuntzaz 
Antolatzaileek ikastaroaren bidez Sakana, Aralar, Plazaola, Bidasoa eta Leurtza natura guneen eraginpeko eremuetara zabaldu nahi dute bere jarduera. Programak, lurralde horiek iraunkortasunaren eta klima aldaketara egokitzearen inguruan dituzten behar eta arazo errealetan jartzen du arreta, eremu horietako kudeatzaileen eskutik lan eginez. Azaldu dutenez, “talde lanak, proiektuen garapenak edo erabiltzailearengan oinarritutako diseinuak, besteak beste, benetako erronkei erantzungo dieten proposamenak sortzen lagunduko dute”. Gaineratu dutenez, “Nafarroako natura guneekin zerikusia duten lehen mailako eragileekin, lurraldeko biztanleriarekin eta bisitaria berarekin batera lan eginez, eta proiektu erreal eta praktikoak aurrera eramanez” ikasteko aukera izanen da.

Ikastaroan ikasleek honakoen inguruko ezagutzak jasoko dituzte: lurraldearekiko lotura, tradizioa eta etorkizuna. Jasangarritasuna ikuspegi gisa,trebetasun bigunak, ekintzailetza ikasteko metodologia eta proiektuen garapena. Horretaz aparte, bakoitzari banakako plana eginen zaio.