Elur makinak lanera bidali dituzte

Guaixe 2022ko mar. 31a, 19:09
Elurra kentzeko makina Olatzagutian. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 83 makina mobilizatuko ditu gaur aurreikusita dauden elurteen aurre egin eta errepide sarea zabalik mantentzeko.

Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 83 makina mobilizatuko ditu 22:00etatik aurrera, elurra 300 metrotik gora egingo duela iragarri baitute. Elurra kentzeko makinak Nafarroako Autopistan (AP-15), Sakanako (A-10), Leitzarango (A-15) eta Iparraldeko (A-1) autobideak eta Lizarraga eta Urbasako mendateetako errepideak ere artatuko dituzte, besteak beste. Abisu laranja aktibatu da gauerditik aurrera Nafarroako erdialdean eta isurialde kantauriarrean elurragatik. Bertan, 400-500 metrotik aurrera, 24 ordutan bost zentimetroko elurra pilatzea espero da, eta hamar zentimetrokoa ere izan daiteke eskualde altuenetan. Foru gobernuak gaztigatu duenez, prezipitazio horiek zaildu egin ditzakete ostiraleko lehen orduko joan-etorriak.

Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko iparraldeko errepideetan kontu handiz ibiltzeko aholkua eman du, eguraldi txarra espero baita. Halaber, joan-etorria hasi aurretik errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen du, 848 423 500 telefonoaren bidez edo incidenciascarreras.navarra.es webgunean (gaztelaniaz). Nafarroako errepide sarean jarritako kameren denbora errealeko irudiak ikusteko aukera ere eskaintzen du gobernuak (gaztelaniaz).

Era berean, komeni da eguraldi txarraren berri jasotzea komunikabideen bidez, beharrezkoak ez diren bidaiak ez egitea, ahal bada garraio publikoa erabiltzea, ibilgailuaren abiadura bidearen egoerara egokitzea eta telefono mugikorra eramatea. Bestalde, aholkatu dute arreta handiz jokatzea asteburu honetarako aurreikusita dauden mendirako irteeretan, elurra, tenperatura baxuak eta haize-bolada gogorrak aurreikusi baitira.